Zenbat aldiz entzun dugu jadanik publizitatearen inguruan dena ikusi dugula? Ziur noizbait esan duzula iragarkiei jaramon ez egiteko ahalmena garatu duzula. Neurri batean horrela da, eta enpresek eta markek badakite. Horregatik, publizitaterako edukia sortzeko modu berri eta iraultzaileak garatzen dira egunero. Irudi deigarriak, mezu ausartak, argazki salatzaileak… bezero potentzialen arreta deitzeko bideak izan daitezke. Arreta gehiago deitzen duten berrikuntza teknologikoak erabili nahi dituzte. Bideo eta argazkietatik at joateko joera hartu dute markek.
Gure eguneroko bizitzan integratzen diren albisteak eta publizitate formatuak agertzen ari dira. Azkenengo joera errealitate areagotua da, hau da, begi bistan daukagun errealitateari aspektu teknologikoren bat gehitzea, erabiltzailearen esperientzia maximizatzeko. Gure sakelako telefonoak eskaintzen dituen funtzionalitate ezberdinek posible egiten dituzte honelako ekintzak, eta marketin agentziek aukera hauetan jarri dute fokoa. Gainera, teknologia hauek erabiltzailearen parte-hartzea sustatzen dute, eta are gehiago, euren esperientziak partekatzeko eta hauen inguruko iritziak emateko aukera eman dezakete.
Gero eta gehiago ikusiko dugun beste iragarki formatu bat kaleetan agertzen direnak izango dira. Iragarkiak, orain arte ikusi izan ditugun autobus geltokietatik aterako dira, beste kokaleku berri eta deigarriago batera joateko. Esaterako, badira zeruan publizitatea ipintzeko teknologiak garatzen dauden enpresak. Prest egon behar dugu edonon iragarkiren bat aurkitzeko.
Hortaz, publizitatea egiteko modu berrietara egokitu beharko dugu. Teknologia berriek marketin digitalaren inguruko ekintza posibleak biderkatzea ahalbidetzen dute. Telebistako iragarki tradizionalak ahaztu behar al ditugu? Beharbada ez, bertan jarraituko dute, baina, beste esparru askotan gertatzen den bezala, teknologia berriak hain bereganatuta daukagun albisteen mundura helduko dira, orain arte ezagutzen ditugun esperientziei buelta emanez.
Kontsumitzailearentzat hobea edo okerragoa izango den ikusteko dago. Orain arte iragarkietatik libre zeuden esparruak murriztu egingo dira, gehiegizko espazio bat sortzeko arriskuarekin, baina hala ere, iragarkiek transmitituko diguten esperientzia biziagoa eta pertsonalizatuagoa izango da.
Modu honetan, orain arte oharkabean pasatzen ziren mezuei amaiera eman nahi diote. Bata ala bestea, mundu digitaleko eta bereziki publizitatearen arloko adituek aurreikusi duten joera bat izango da.