Irain birtualen aurka

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Sanchez 2018ko urr. 29a, 10:16

"Sare sozialek hartzen zuten jarrera pasiboaren amaiera datorrela dirudi"

Izenpetu gabeko profil baten atzean, izaera askotariko gizabanakoak daude. Gehienak adeitsuak izatea nahi genuke, baina neurri handi batean ez da horrela. Bai sare sozialek zein beste plataforma digital askok ematen duten pribatutasunari esker, errespetu gabeko iritziak eta irainak hedatu ohi dira, jakinda ia ezinezkoa dela idazten edo publikatzen duen profilaren identifikazioa. 

Eskoletan eta lanpostuetan ematen diren jazarpen egoerak konpontzeko gai ez garela dirudi, eta orain, mundu digitalean ematen diren errespetu faltak gaineratu behar ditugu. Hasiera batean heziketaren bitartez hobetu nahi izan bada ere, onartu behar dugu ez direla praktika negargarri hauek desagertu, horregatik, plataforma batzuk hasi dira teknologian oinarritutako konponbideak garatzen. Antza denez, machine learning bitartez posible izango da beste pertsona bat mindu nahi duten argazki eta iruzkinak ezabatzea inoren salaketarik egon gabe. Sare sozialetako araudietan jasoko dira erabiltzaileen arteko errespetu faltak, eta betetzen ez duten edukiak automatikoki blokeatuko dira minduta suertatzen den profilaren kexarik ematen ez bada ere.  Beraz, parte-hartze aktiboa hartuko dute enpresa hauek, profil anonimoen atzean ezkutatzen diren pertsonek erabilera egokia egingo ez dutelakoan. 

Penagarria da neurri hauek hartu behar izatea, baina sare sozialetan izena emateko prozesuan identifikazio pertsonalerako datuak eskatzen ez diren bitartean, horrelako praktika tamalgarriek jarraituko dute. Ez da egoera hau konponduko, plataforma batean iritzi mingarriak galarazten diren bitartean, beste arau eskaseko foroetan helaraziko dira eta. Baina ez gara ezkorrak izan behar. Sare sozialek hartzen zuten jarrera pasiboaren amaiera datorrela dirudi, eta komunitatearen artean ematen den errespetu faltaren aurkako borrokan parte hartuko dute. Azken finean, beraiek sortutako mundu birtualeko arazoa da, eta inork baino hobeto galarazi dezakete erabiltzaileen arteko irainak. Argi dago komunitatearen laguntza edota fede ona eskatzea ez dela nahikoa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago