Ikaslagun berri bat?

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Sanchez 2018ko ira. 24a, 10:28

"Mugikorrak era ikaragarrian sartu dira, baina botere legegilea atzerapenez doa".

Iraila hasi da, eta milaka txiki eta nerabe bueltatu dira ikastoletara. Urteroko gertakaria da, baina aurten berritasun batekin etor daiteke: mugikorren erabileraren debekua. 

Duela egun batzuk argitaratu da Frantzian honen inguruko lege berri bat garatu dela, eta orain, ofizialki, eskola bakoitzak erabaki dezake edozein motatako gailu elektronikoen erabilera baimentzea edo debekatzea. Beraz, ikastolek babes legala dute hemendik aurrera honen inguruko araudia ezartzeko, ikasleen edota gurasoen kexen aurrean indarra ematen diena. 

Frantzia ez da mugikorren erabilerari buruzko legedia duen herrialde bakarra, baina egia da askok ez dutela oraindik honelako araudirik garatu. Paradoxikoki, mugikorrak era ikaragarrian sartu dira, baina gertatu ohi den bezala, botere legegilea atzerapenez doa. Alemanian, adibidez, ez dago araudi orokorrik, baina zenbait estatuk mugikorrak erabat debekatu dituzte ikasgeletan. Italian baimenduta dago sakelako telefonoa helburu didaktikoekin bada, eta bestelako kasuetan zentro bakoitzak erabakitzen du nola jokatu. Belgikan eta Portugalen antzeko egoera ematen da, beti ere estatu mailako legedirik gabe. Eta guk zer daukagu egoera hau arautzeko?

Hezkuntza-ministroak plazaratu du honen inguruan pentsatzen daudela. Ez da bat-bateko adierazpen bat izan, Frantziako berriaren ondorioz prentsak egindako galderen erantzuna baizik; badirudi ez dela garrantzitsua honen inguruko adostasunik izatea beste herrialdeek ezer egiten ez duten bitartean.

Ikasleek geletan jartzen duten arreta gutxitu daiteke erabilera baimenduz gero, baina haien komunikazioa eta harremanak konprometituta atera daitezke erabat debekatzen bada. Debekatuko al dira mota guztietako gailu elektronikoak tabletek liburuak ordezkatu dituzten zentroetan? Behartu al daiteke telefonoa armairuan uztera kutxatilategirik ez bada? Gurasoek zer diote? Bakarrik ikastolen erantzukizuna da? Galdera asko erantzun zain beharrezkoa den legedi berri hau egoki garatu ahal izateko, azkenean ere garatuko baldin badute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago