Sare sozialen arma

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Sanchez 2018ko uzt. 23a, 09:21

Instagramek bideoak ikusteko plataforma garatu du. / Pixabay

"Edukiak sortzen dituztenak jakinaren gainean zeuden; bideoa izango da erregea".

Urte honetarako aurreikuspenak bete egin dira. Sare sozialetarako edukiak sortzen dituztenak jakinaren gainean zeuden: bideoa izango da edukien erabateko erregea. Orain arte, agian, jakitun eta ez hain jakitun batzuen iritzia zen soilik, baina orain errealitate bat dela esan daiteke, Instagram sare sozialak bideoak ikusteko plataforma berezia garatu baitu. IGTV edo Instagram TV deitzen da, eta orain arte erabiltzen den aplikazioan ikus daiteke, baita helburu horretarako garatu den aplikazio zehatz batean ere. Facebookek, Instagram erosi zuen enpresak, ondo ezagutzen ditu indarrean dauden tendentziak, eta mugikorraren erabileraren lehentasuna kontuan hartzen du, pantailaren orientazio bertikala eskatzen baitu funtzionalitate berri horren edukientzat. Mobile first web-guneen diseinuan ezagutzen den kontzeptuaren antzera eratu da.

Begi-bistakoa da esfortzu nabarmena egin behar izan dutela aplikazio berezi bat garatzeko, baina mugimendu estrategiko argia da. Facebookek lehia egin nahi dio beste teknologia eta komunikazio enpresa handiei eta bereziki Googlek eskaintzen dituen zerbitzu batzuei. Ez da erronka erraza. YouTube, Google jabe duena, bideo plataforma erabilienetarikoa da, baita ospetsuena ere. Instagrameko ezaugarri berri horrek ohore hori kendu nahi dio. 

Liskar horren aspektu gako bat monetizazioa da. Denok dakigunez, YouTuben bideoak igotzen dituztenek dirua irabazten dute erreprodukzioekin. Printzipioz, IGTV-k ez du aukerarik emango horrelakorik egiteko, baina berritasun honen aurkezpenean bertan, jabeek aurreikusi zuten etorkizunean posible izango dela. Dena den, IGTV-k eskaintzen duen abantaila bat, batez ere YouTuberekin alderatuta, produktuak zuzenean saltzeko aukera da. Bideoan erantsi ahal dira salmentarako deiak. 

Bero-bero dago plataforma sozialen arteko lehia. Zein izango da Googlen eta beste enpresen kontraerasoa? Erabiltzaileentzako onurak? Bideoak kontsumitzeko era aldatuko dugu? Ikusiko dugu, benetan ikusi gainera. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago