Sare sozialetako berritasunen jarraitzailea bazara, ziurrenik Vero-ri buruz zertxobait entzungo zenuen, batez ere azken egunetan. Sare berri horrek ez du helburu Twitter edo Facebook bezalakoa izatea, edo behintzat hori diote aplikazio horren sortzaileek. Helburua errealitatea, gardentasuna edo "egiazko bizimoduak" islatzea da, Instagram, Twitter edo Facebook-en argitaratzen diren eduki perfektu eta idealistetan ez bezala. Baina proposamen horrek dirudien baino askoz gehiago dakar.
Hasteko, erabiltzailearen garrantzia azpimarratzea du helburu. Ez da algoritmo berezirik sartuko argitalpenen ordena, garrantziaren, oihartzunaren edo ordaindutakoaren arabera aldatzeko, adibidez, orain Instagramek egiten duen moduan (askok kritikatu dute hori). Beste alde batetik, ez ditu erabiltzaileen datuak salduko, ezta publizitaterik sartuko ere. Beraz, nola finantzatuko da sare sozial hau? Diotenez, behin erabiltzaile kopuru jakin batera iritsita, hura erabiltzeagatik kobratzen hasiko dira.
Orain arte, proposamen erakargarria dirudi, baina jadanik agertu dira ahulguneak azaleratu dituztenak. Eduki erreal eta "naturala" sustatzeko, erabiltzaileak bere kontaktuak lau taldetan sailka ditzake: lagun minak, lagunak, ezagunak eta jarraitzaileak. Talde bakoitzaren arabera, argitaratzen den edukia segmentatu daiteke eta talde bakoitzari informazio ezberdina erakutsi. Hasiera batean interesgarria dirudi, baina ez dago luze pentsatu beharrik konturatzeko arazotxoren bat edo beste sor dezakeela. Imajina ezazu zure senideak, lagunak edo lankideak "adiskidetasunaren" arabera taldekatzea, eta sailkapen hori publiko egitea. Kontu irristakorra, ezta? Horretaz aparte, erabiltzaileek akats tekniko ugari aurkitu dituzte aplikazioan, denborarekin konpondu daitezkeenak, hala ere.
Hori kontuan izanda, oraindik ezin da aurreikusi sare sozial berri horrek izango duen harrera globala, baina argi dago zerbait ezberdina planteatu dela, orokorrean guztiz positiboa ez bada ere. Bitxikeria bezala, Vero ez da orain sortu, denbora darama merkatuan, baina orain bihurtu da ospetsu, egin dioten publizitateari esker, nahiz eta sareak publizitatearen kontrako jarrera hartu. Koherentziarik eza?
Gure bizitza "guztiz erreala" aurkezteko ausardia izango dugu, edo argazki eta esaldi idealizatu horiek gure bizitzaren isla diren itxurak egiten jarraituko dugu? Denborak esango du berritasun horrek beste sare sozialen lekua hartuko duen ala, beste asko bezala, bertan behera geratuko den.