Zergatik ari da desagertzen mugikor berrietan aurikularretarako ohiko sarrera? Oraindik ikusgai dago zenbait mugikorretan, baina adituek esaten dute gero eta gehiago nabarituko dugula aldaketa. Hala ere, ziur batzuk oraindik ez direla konturatu ere egin. Niri, hurrengo galderak etortzen zaizkit burura. Aldaketa honekin aurikular garestiagoak erosi beharko ditut? Mugikor arinagoak egingo dituzte? Laster desagertuko den moda besterik ez al da izango? Kable gehiago eraman beharko ditut? Ezingo ditut nire oraingo aurikularrak erabili?
Duela urte batzuk, mugikorrak erabiltzen hasi ginenean, marka bakoitzak bere aurikularrak zituen eta mugikorrek horientzako sarrera propioa zeukaten. Honek garrantzizko arazo bat zekarren, zure mugikorrean aurikular mota bakarra erabili zenezakeela, markak egindakoak hain zuzen ere; baina ia erabiltzen ez zirenez, berdin zuen.
Gaur egungo mugikorretan ezagutzen dugun konektore arrunta (3.5mm-ko jack-a), gutxi-gora-behera smartphone-ekin iritsi zen, hauen memoriak handitzen hasi zirenean. Edozein dendatan aurikular batzuk erosi eta gure telebistan, MP3-an, kontsolan... sartzeaz gain, mugikorrean geneukan musika entzuteko ere erabili genitzakeen.
Hasieran esan dugun moduan, azken denboraldian Internetetik esaten da ez dela asko falta konektore hauek mugikorretatik desagertzeko eta jadanik adibide batzuk ikus ditzakegu merkatuan. Horrela baldin bada, abantaila handiak ekarriko ditu, baina desabantailak ere.
Abantailekin hasteko, kablerik gabeko tresnekin erosotasun handia irabazten da: telebistak urruneko kontrolarekin edo internet-ak WiFiarekin irabazi zuen moduan. Horregatik ari dira pixkanaka kableak gailu guztietatik desagertzen. Mugikorrak gainera arinagoak izango dira, sarrera horrek hartzen zuen lekua ez baita beharrezkoa izango, eta osagaiak handitzeko edo berriak sartzeko erabili ahalko baita. Azkenik, sakelakoa bustitzen denean, berriz ere martxan jartzea errazago izango dugu; konektore hau, gailua uretatik babesteko zailtasun gehien jartzen dituena izanik.
Bestalde, kablerik gabeko aurikularrak garestiagoak izateaz gain, galtzeko arrisku gehiago ere badaukate eta oso ondo funtzionatzen duen konektorea, 3.5mm-ko jack-a, erabiltzeari utzi beharko diogu.
Erabiltzaile batzuen arabera, hau moda bat da eta moda guztiak bezala, laster ahaztuko da. Beraz, haien ustez, mugikor gehienak dauden bezala geratuko dira, eta ohiko aurikularren sarrerarekin ekoizten jarraituko dituzte.
Nire ustez, aldiz, denbora gutxi barru ez ditugu sarrera hori daukaten mugikorrak merkatuan gehiago aurkituko, eta beraz, jendea kablerik gabeko aurikularrak erabiltzera ohituko da. Horrek eragingo du prezioak merketzea. Gainera, egunero aurikularrak erabiltzen ditugunok erosotasun handia nabarituko dugu poltsikoan kable bat gutxiago eramanda eta bide batez, etorkizunetik gertuago izango gara.