Duela aste batzuk Instagram arakatzen nengoen, badakizue, lagunak eta ezagunak bilatu, honakoa kuxkuxeatu, bestea…, eta hara non argazki deigarria ikusten dudan. Argazkia, kanpora begira dagoen leiho bat da eta ondoan ordenagailu baten sagua eta teklatua. Leihoa bera, ordenagailuaren pantaila gisa agertuz.
Pentsatzen hasi nintzen hasieran zeinen polita izango zen ordenagailuek egungo pantaila beharrean kanpora jotzen duen hori izango balute, gero, "Ene! Zuhaitzak loran daude, zelako eguraldi polita dugun dagoeneko".
Jauzi batean aulkitik jaiki, mugikorra nonbaiten utzi eta leihotik begira jarri nintzen, "bai, gereziondoak dagoeneko baditu lehenengo kimuak, garia hazita dago Arabako zelaietan eta bai, eguzkia atera da".
Berriz mugikorra hartu, Whatsappeko kuadrillaren taldera jo eta "pote bat hartzeko norbait?" galdera luzatuaz batera hiru erantzun.
Tira, Gasteiz erdialdera abiatu eta taberna batera hurreratu ginen, baina lehenengo berbak egin ostean, berriz mugikorra, "Ene! Enekok lan berria aurkitu du, eta Linkedinek zoriontzeko dio, tori ba zorionak!" , "begira Twitterreko azken hau", "Zelako argazki polita jarri duen ahizpak, bihotz bat bidaliko diot". Ondoan dauden kuadrillak berdin dabiltza, sei pertsonako talde batean, bi hizketan eta beste laurak mugikorrera begira. Eta berriz berbetan…"zer moduz Noemi? Haurdunaldia ondo? Bai beitu argazki hau eta bestea, ekografia eta guzti…, izan al du goragalerik? Umea mugitzen hasi al da?".
Egia esan, asteak dira benetan ahizparekin hitz egiten ez dudala, argazkiak bidali bai, lelokeriak ere bai, baina ezer gutxi gehiago. Eta Enekorekin berdin, lan berria topatu duen berri bai, baina gustura al dago?
Etxera bidean burua berotuta jarraitzen dut, teknologia eta App berriei esker gauza askotaz ikasi eta berri asko jakin bai, baina ehunekotan esatekotan, zenbat dira benetan garrantzitsuak? Eta ehunekoan ere, informazioa galdu edo irabazi dut egunean lanetik gain beste pare bat ordu pantailari begira ematen ditudanetik? Eta garrantzitsuagoa dena, komunikatuago edo inkomunikatuago al gaude orain?
Ezin dut esan komunikazio teknologia berriek inkomunikazioa ekarri dutenik, izan ere, kilometrotara dauden familiek elkar komunikatzeko tresna bikainak daude egun, baina ondoan duzun pertsonen berri izateko, ez al da gehiegitxo?
Berriz mugikorra hartu eta berriz Instagramera jo dut, eta hor nire aurrean argazkia… pantailari begira ematen ditugun orduak benetan gure ingurura begira emango bagenitu… are gehiago, ordenagailuek kanpora begirako pantailak izango balituzte… baina eguzkia egundo ez da ailegatu saguzarren bilkuretara, ezta ilargia ere bazkalosteko kafera.