EMAKUME TEKNO-SORTZAILEAK

Erabiltzailearen aurpegia Oreka IT 2016ko api. 12a, 09:51

Irakurria dugu, historia irabazleek idazten dutela. Eragin-gunetik kanpo, gainontzeko errealitateak, ospel eta ikusezin, gelditzen dira. Historikoki, emakume asko, egoera ilun horretan gelditu dira.. Hauen presentzia teknologian, horren adibide argia da, bestela, Nola uler daiteke, adibidez, gehienok teknologiako gizon nabarmenak banan-banan aipatzeko gai izatea eta emakumeekin gaitasun bera ez izatea?

Lehenengo programatzailea, Ada Byron, lehenengo testu-prozesadorearen sortzailea, Evelyn Berezin edo lehenengo liburu mekanikoaren sortzailea, Ángela Ruíz Robles. Guztiak emakumeak ziren eta guztiak eragin-gunetik kanpo gelditu ziren. Virginia Woolf-ek zioen bezala, anonimatuak emakumearen izena dauka. Guzti horrek, emakumea eta teknologia bat ez datorren bidegabeko irudi soziala sortzen lagundu du.

Mundu mailan kezkagarria den zientzia munduko genero arraila fenomenoa dugu azaldutakoaren ondorioetako bat. Egun, STEM (Zientzia, teknologia eta matematika) lizentziaturen ikasleriaren %20a emakumezkoak dira eta, azken urteotan, ehunekoa behera doa. Europar batzordeak plazaratu berri duen Women Active in ICT ikerketan nabarmentzen da, graduatzen diren 1000 emakumeren artean 29k  komunikazio eta informazio-zientziekin erlazionaturiko irakaskuntzetan egiten dutela.

Ikerketa honen ondorioak ardura handia sortu dute. Batetik, emakumeentzat lan munduan aukera galera larriak ekarriko dizkielako. Izan ere, atera berri den balioespen baten arabera, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekin lotutako ogibideen eskaerak %14a gora egingo duela aurreikusten da. Gainontzeko lanbideen eskaerak, berriz, %3a besterik ez dira igoko. Bestalde, emakumeok ezin gara sektore teknologikotik kanpo gelditu, izan ere, gizartea eraldatu eta errealitate berriak sortzen ari da. Ondorioz, ezinbestekoa da emakumearen talentua bertan izatea.

Europar Batasunak, hezkuntza zientifikoa genero ikuspegiaren bitartez azaltzeko proiektu ezberdinak abian jarri ditu. Helburu nagusia, gazteei STEAM lizentziaturen nondik norakoak eta ikasketa horiek egiteko beharrezko gaitasunak eta trebeziak azaltzea da. Ahalegin guzti horiekin bokazioen gorakada bilatzen da. Are gehiago, egungo erronka, emakume sortzaile edo “Techmakers” deiera igotzea da. “Women Techmakers” jardunaldiek, emakumeak teknologian egindako lana eta trebetasuna munduan zehar ezagutaraztea dute helburu. Susan Wojcicki edo Ginni Rometty nortzuk diren jakiten lagunduko al digu ekimen honek?

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago