2000. urtearen ostean, etxeetan Internetera sartzea gauza arrunta bihurtzen hasi zen eta urte batzuk geroago mugikorretatik iritsi zen Internet. Hedapen honekin, jende asko ohitu zen teknologia berri hauek erabiltzera, baina gaur egun, oraindik ere, halako teknologia berri hauekin moldatzerako orduan arazoak topatzen dituen gizarte talde multzo garrantzitsu bat dago, 50 urte inguruko eta gorako jendeari buruz ari gara.
Gizarte talde honetan, badira ordenagailu bat edo "tablet" bat inoiz erabili ez duten pertsonak edo "smartphone" deitzen diren mugikor inteligenterik ez duten pertsonak. Hauek dira, batez ere, teknologia berri hauekin arazo gehien izan ditzaketen pertsonak. Batez ere, teknologia berri hauek, beraien egunerokotasunean nola lagundu diezaieketen ez dakitelako.
Egia da aparatu elektroniko hauen sortzaileak, mundu guztiari zuzendutako geroz eta errazagoa den erabilera bat eskaintzen saiatzen ari direla, baina adin tartean gora egiten dugun heinean, agureen artean batez ere, egoera hau larritu egiten da. Internetera konektatutako aparatu elektronikoz beteriko ingurune berri honetan nola moldatu ez jakiteak, baztertuta eta ezintasuna sentiarazten die pertsona nagusi hauei.
Honengatik, badira pertsona hauentzako ikastaroak eta tailerrak prestatzen dituzten elkarteak. Adibidez Interneten informazioa bilatzen ikasteko, tablet baten bidez sare sozialetara konektatzeko eta lagunekin, senideekin edo beste pertsona batzuekin harremanetan jartzeko ikastaroak edota mugikorraren erabilera ikasteko tailerrak. Hauen bidez, pertsona hauek aurrerantzean etorriko diren berrikuntza teknologikoen aurrean prestatuta egoteko eta modu erosoago batean mugitzeko aukera izango dute.