Euskal zinemak, azkenaldian, berri onak baino ez dizkigu ekartzen; eta, ohituratzat hartzen ari bagara ere, goraipatu beharreko zerbait da. Berri hauen artean, Loreak filmaren arrakasta da orain entzunena, Oscar sarietan parte hartzeko aukera oso gertu baitu, ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onenaren Oscar Sarirako, hain zuzen ere.
Baina oraingoan ez dut filmaren inguruan hitz egingo, horretaz gehiago dakiten askok jada artikuluak eta artikuluak idatzi baitituzte. Hurrengo lerroetan, fenomeno honen eta teknologia berrien arteko lotura diren plataforma digitalen inguruan arituko naiz.
Telesailak, on line
Orain dela gutxi jakin dugu hilabete honetan munduko plataforma hauetariko famatuena den Netflix estatu osora iritsiko dela. Oraindik ez dakienarentzat, plataforma digitalak, filmak eta telesailak on line ikusteko aukera ematen diguten interneteko baliabideak dira. Teknologia berriak, arlo honetan ere, betiko formatuei aurre egiten ari zaizkie. Kasu honetan, alegia, erronka izugarria daukate: telebista ordezkatzea.
Argi dago erronka izugarria dela, baina aurrerapenak egiten ari dira. Estatu Batuetan, Netflixek hedapen handiena duen herrialdean, etxe askotan ordenagailuaren pantailak telebista bera ordezkatu du.
Honela, film edo telesail bat ikusi nahi dutenean, konektatu eta play botoia baino ez dute sakatu behar, edozein ordu zein egun delarik. Gainera, telebista kateen kalitatearekiko dauden zalantzak eta zinemaren prezioak kontuan hartzen baditugu, ez da harritzekoa alternatiba berrien hazkundea.
Ukatu ezin dena da gero eta jende gehiago moda honetan murgiltzen ari dela, hemengo zein kanpoko produkzioak astero jarraituz. Zerbitzu asko dauzkagu jada eskura, eduki askorekin eta prezio lehiakorrekin, baina oraindik beste toki askotan baino dezente gutxiago erabiltzen ditugu.
Hizkuntza, "traba"
Honen arrazoi nagusietako bat hizkuntza desberdinen jakintza da, nire ustez. Hemen ez bezala, herrialde askotan ingelesa jende gehienak ezagutzen baitu, eta maila altuan gainera, hau edonon sortutako telesailak ikusteko erraztasun izugarria delarik, bikoizteak kostuak handitu eta epeak luzatzen dituelako. Honekin ez dut esan nahi hemengoak diren produkzioak baino ez direnik ikusi behar, Loreak filmaren arrakasta eredu dugularik, etxekoa bultzatu behar dugu, baina kanpotik etorritako serieak ere ikusi nahi baditugu, hizkuntza traba bihurtuko zaigu.
Ikusteko dago nolako arrakasta izango duen Netflixek gurean, baina hedapen handia izatea espero dezagun, gure etxeetara hainbeste entretenimendu ordu ekartzeko gai den zerbitzu bat beti baita positiboa. Eta, guk Kalifornian egindako telesailak ikusten ditugun bezala, kalitatezko gauzak egiten jarraitzen badugu, zeinek daki noraino bidal ditzakegun Euskal Herrian egindako guztiak plataforma digitaletan zehar.