Aurrekoan, amarekin hizketan nengoela, esan zidan: "Egun, gizonezko bat matxirulo bat ote den jakitea zailagoa da, gehienek oso barneratuta dutelako esan behar duten diskurtso feminista. Nire garaian, argiago zegoen; ez ziren batere mozten eta." Argi dago amek ez dutela egia osoaren jabetzarik, edo errealitatea ulertzeko gaitasun erabatekorik, baina oso maiz, nirea behintzat, guztiz zuzen egoten da. Eta bai, nik ere uste dut gero eta zailagoa dela jakitea "isilpeko matxirulo" horietako baten aurrean gauden.
Isilpeko matxiruloak dira, esaterako, harreman itxia izanda ere, zurekin ligatu aldera, "bere bikotearekin harreman irekiaren terminoak zorrozki zehaztu dituztela" esaten dizutenak. Zein modernoak eta zein jatorrak haiekin oheratu aurretik horren berri ematen dizutenak, ezta? Adarrak jartzeko modu klasikoaren bertsio modernoa. Izan ere; finagoa den bertsioa, horrelako esaldiekin, batetik, azaldu daitekeelako zure lagunetako batek tipoa beste norbaitekin ligatzen ikusi izana, eta bestetik, esaldia esaten duen tipoa erakargarriagoa suertatzen delako adimen emozional handia duela ematen duelako: mugak zehazten dakiena, harremantzeko moduaren gainean hausnartzen duena eta abar. Horiek bai ezkongai onak!
Baina, kontuz, isilpeko matxiruloak dira ere harreman irekia duten gizonezko ugari. Adibidez, bikotearekin erabaki diren harremanaren mugak hautsi egiten dituztenak ezer esan gabe. Esaterako, gainerako pertsonekin sexu-harremanik izanez gero kondoia erabiltzea adostuta dagoen harreman batean, kondoirik ez dutela inoiz erabili esaten ez dizutenak. Egoera horretan, eta isilpeko matxirulo horietako baten aurrean bazaude, sexu-transmisiozko infekzio bati esker izango duzu horren berri lehenago.
Ezaguna egiten zaizu lagun taldean lagun emakumezkoekin zeharo jarrera desberdina hartzen duen mutilen kasurik?
Eta bikote-harremanetan bakarrik aurkituko bagenitu, gaitz erdi! Zoritxarrez, beste harreman motetan isilpeko matxiruloekin egingo dugu topo ere. Ezaguna egiten zaizu lagun taldean lagun emakumezkoekin zeharo jarrera desberdina hartzen duen mutilen kasurik? Txiste batzuk soilik mutilekin egin ditzakeela dakien horietakorik? Lagun gizonezkoekin dagoenean kuadrillako neskak sexualizatu edo horietaz barre egiten duenik? Kuadrillan neskak onartzeko irizpidetzat horiekin oheratzeko aukera duen mutil talderik? Edo lagun izatearen aitzakiapean erasotzaile baten alde posizionatzen diren mutilik? Hortaz, egoera ezaguna egiten bazaizu, sentitzen dut: baliteke isilpeko matxirulorik gertu izatea.
Horiek identifikatzea zaila bada ere, dituzten jarrera matxistak aliatu fatxadaren bitartez estaltzen dituztelako, hiru ezaugarri komun izan ohi dituzte: informazioa ezkutatzea, gezurretan ibiltzea eta manipulatzea. Modu horretan, zu haiekin mantentzeko gakoa dute, alegia, zuk haien koltxoi emozionala, laguna, jostailu-sexuala eta abar izaten jarraituko duzula bermatzeko baliabidea. Hala da, hain justu, sekulako beldurra diotelako seinalatze feministari. Alegia, jakin badakite matxirulismo klasikoak ez duela gaur egun ligatzeko eta sozializatzeko balio, horren gaitzespena nahiko hedaturik dagoelako gizartean. Beraz, euren ametsik gaiztoena da euren benetako izaeraren berri ematen duen txutxu-mutxua emakumezkoon artean zabaltzea, argi baitute horrek bakartuko dituela. Akabo gorputzen kontsumo frenetikoa eta doako zaintza lanak! Horrexegatik, oso ongi ikasten dute zein testuingurutan egin behar duten "aliatuaren performancea". Esaterako, zenbat aldiz gertatu da sexu-erasoen aurkako mobilizazioetan gehien parte hartu izan duten gizonezkoen artean erasotzailerik egotea?
Era berean, ziria sartzeko, jargoi feministan ongi jantzitakoak dira ere, hizkuntzaren bitartez zu manipulatzeko aukera dutelako. Adibidez, egin duten zerbaitek min eman dizula esaten diezunean "zure jeloskortasuna kudeatzen ikasi beharko zenuke" edo "mendekotasun emozional handiegia duzu, independenteagoa izan beharko zenuke" bezalako esaldi puskak botako dizkizute. Horrelako manipulazioen aurrean, zu izango zara errudun sentituko dena, eta gainera, zure burua atzerakoitzat joko duzu. Ondorioz, egoera jasanezinera moldatzeko beharra sentituko duzu, honen modukoak pentsatuz: "Arrazoia du, nire segurtasun falta nirea da, neure burua deseraiki beharko nuke" [ez dauka zer ikusirik tipoa aldi berean zazpi neskekin egotearekin eta zuri zaintza lanik ez eskaini izanarekin, ezta?]. Modu horretan, manipulazioak iraun egingo du. Plan ezin hobea haiena!
Egoera honek polizia infiltratuen egoeraren antza kezkagarria du. Hain zuzen ere, gizonezko askok euren maskulinitatea deseraiki ordez, euren pribilegioak mantentzeko itxuraldatze tranpatia egitea erabaki dutelako. Honen aurrean, erresistentzia bide bakarra emakumezkoen eta disidentzien elkarlana da. Horretarako, marujeoaren aldarria egiten dut: emakumezkoei historikoki egotzi dieten jardun arbuiagarria. Hau da, emakumezkoen eta disidentzien arteko informazio elkartrukearen alde egiten dut, polizia infiltratuak detektatzeko egiten den gisara. Honako galdera hauek geure ipar-orratzak izan daitezke: zer diote inguruko emakumezkoek/disidentziek gizonezko horretaz? Bal dago gizonezko horri buruz hitz goxorik duen ex-ik? Lagun emakumezkorik/disidenterik badu? Horiek horrela, gizonezko ez garenok, zaindu gaitezen elkarren artean; gertatu zaiguna kontatzearen lotsa erantzi dezagun eta gure ahizpak (ezezagunak badira ere) abisatu ditzagun; hori baita isilpeko matxiruloak ikusgarri egiteko eta horietaz babesteko baliabidea.
Olaia Salazar Urrutia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.