'Euskaldun-berriak?' eta 'Paperbizi' proiektuak saritu ditu Batera diru-laguntza deialdiak

Kauldi Iriondo eta Estibaliz Agirre izan dira sarituak | Argazkia: Oihaneder

Proiektuen egileek 40 egun izango dituzte beharrezkoa zaien dirua crowdfunding bidez biltzeko.

Estibaliz Agirre eta Kauldi Iriondo gazte gasteiztarrak dira iazko urrian martxan jarritako Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko irabazleak. Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak bi proiektu hauek aukeratu zituen, Iñaki Lazkano Oihaneder Euskararen Etxeko ordezkariaren hitzetan “beren orijinaltasuna, ikuspegi artistikoa, euskararekiko atxikipena, parte hartzerako joera eta Gasteizko hiriarekin duten lotura” dela eta.

Proiektuak garatu ahal izateko Agirrek eta Iriondok Oihanederren eta Gauekoak-en laguntza jaso dute crowdfunding eta komunikazio kanpaina orokorra antolatzeko, baita kanpaina abiatzeko 1000na euro ere.

Era honetan, 40 eguneko iraupena izango duen crowdfunding bana jarri dute abian "Euskal herriko eta Gasteizko kulturzale eta euskaltzaleek beren proiektuak diruz lagun ditzaten”, adierazi du Gauekoak ekimeneko Odei Catalanek. Saridunen aurkezpenean, Gasteizko gazteen proiektu kulturalak euskaraz garatzeko beste modu bat abiatu dela ere adierazi nahi izan dute antolatzaileek: "Aurten bi proiektu jarri dira martxan, baina, ea hurrengo urteetan gehiago sustatzeko aukera dugun”.

 

Paperbizi

PaperbiziGasteizko begirada anitzen arte-liburua pertsonei buruzko proiektu bat da; argazkilaritza, marrazkigintza eta euskara lotuko dituen proiektua. Estibaliz Agirrek hirian beren aztarna berezi eta artistikoa uztea proposatzen die gasteiztarrei. “Parte hartzen duten guztien argazki, marrazki eta testuekin Gasteizko pertsona desberdinen leku kuttunak eta hiriarekiko ikuspuntuak biltzen dituen arte-liburu bat osatuko dut”. Gasteizen aurki daitezkeen txoko eta momentu desberdinak zabaldu nahi ditu, “baina batez ere, parte-hartzaile bakoitzari hirian aztarna pertsonala uzteko aukera paregabea eskaini nahi diot”.

Euskaldun berriak?

Euskaldun-berriak? argazkilaritza erreportaje bat da, erakusketa bat, proiektu pertsonala. “XXI. mendeko Euskal Herriko komunitate euskalduna sozialki eraldatzen ari da aldiro; egungo gazteria heltzen doan heinean, gazteria berritzen doa etengabe. Beraz, euskaldun berriak momentuoro ari dira sortzen, eta  honela, kultura eta hizkuntza bera ere etengabe eraldatzen dira. Gaur egun, euskal gazteria oso anitza da, eta proiektu honetan gazteria euskaldun honek lekuarekiko eta hizkuntzarekiko duen harremana islatu nahi dut, hirietako zein herri txikietako euskarari eta euskaldunen ahotsei irudia ematea da nire helburua”, zehaztu du bere egileak, Kauldi Iriondok.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago