Gazte Sortzaileak bekaren irabazleak aurkeztu dituzte

Montauk taldearen diska berria da saritutako egitasmo bat. ALEA

Ekimena euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz sortu zen duela bost urte.

Gaur goizean, Gazte Sortzaileak bekaren bosgarren edizioan irabazle suertatutako egitasmoak aurkeztu dituzte. Geruzak 360º kontzertua taularatua izan da dagoeneko. Gainontzekoak –Oskola musika saioa, Tripak: huts bete hots ikuskizuna, Inkuren itzala antzezlana eta Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada emanaldi multidiziplinarra– datozen hilabeteetan ikusteko aukera egongo da.

Gazte Sortzaileak beka euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko asmoz sortu zen duela bost urte. Gasteizko Udalaren eta Aldundiaren arteko lankidetzari esker, eta Oihaneder Euskararen Etxearen laguntzarekin.

"Gazteen euskarazko kultur sorkuntza sustatzea da gure helburua. Bereziki, ahozko transmisioa eta berrikuntza balioesten ditugu", azaldu du Euskara zinegotzi Iñaki Prusillak. Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Lunak honakoa erantsi du: "Baten batek galdetuko du ea zergatik antolatu behar den, ea Araban ez dagoen dagoeneko eskaintza hau, gazteei zuzendutako euskaraz sortutako kultur sorkuntza, eta erantzuna da dagoena ez dela nahikoa. Eta beste batek galde dezake ea hartzailerik ba ote dagoen Araban… Eta erantzuna da bai, badagoela hartzaile ugari, anitza eta gaztea, gainera, euskarazko kultur eskaintza eskatzen datorrena".

Miren Narbaiza irabazleetako batek azpimarratu duenez "sormen lanean dabilenarentzat beka bat beti da lasaigarri bat, proiektuan esklusiboki kontzentratzen eta burubelarri aritzea ahalbidetzen dizu. Euskaraz lanean ari den jendea laguntzea oso garrantzitsua da".

2018an saritutako egitasmoen artean taularatzen lehena Beñat Goitiak aurkeztutakoa izan zen, Montauk taldearen disko berriaren, Geruzak 360 gradu-ren kontzertua. Abenduaren 23an eskaini zuten Oihanederren, arrakasta handiz.

Lanen aurkezpena

Gainontzeko lanak estreinatzeke daude. Urko Saenz de BuruagaOskola musika saioa landu du eta martxoaren 22an aurkeztuko du Oihanederren. Eguzki Donnellan eta Haizea Beruetek Euskararen Etxean aurkeztuko dute baita ere euren proposamen artisitikoa, Tripak: huts bete hots izenekoa. Apirilaren 4an izango da. Egun batzuk beranduago, apirilaren 11n,  Eñaut Gorbeak Inkuren itzala antzezlana estreinatuko du Aldaben. Bukatzeko Miren Narbaizak eta Joseba Baleztenak Zer hartu ontzitik itsasoa harri bihurtzen bada  izeneko emanaldi multidiziplinarra egingo dute Aldaben ere.

Egitasmoen prestaketa prozesuan laguntzeko, horrela eskatu duten gazteek profesionalen aholkularitza jaso dute;  sariaren parte izan da.

Beka horietakoren bat lortu nahi duten 16 eta 35 urte bitarteko gazteek beste aukera bat izango dute 2019an. Martxoan egingo da deialdia. Artistek ideia bat aurkeztu behar dute. Ideia irabazleen egileei  6-7 hilabete emango zaizkie aukeratutako ideiak garatzeko, Udalaren eta Aldundiaren laguntza ekonomikoaren bitartez, 4.000 euro artekoa. Gainera, profesionalen laguntza izango dute ekimenak garatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago