Sormena bizitzeko trenera igotzeko azken deia

Apirilaren 3tik 7ra Kanpezun egingo den Gazte Sortegiak sormen egonaldian izena emateko epea martxoaren 11n amaituko da.

Animatzen diren 14-18 urte bitarteko gazteek Oihane Perea, Jon Basaguren, Unai Lopez de Armentia eta Maider Oleagarekin bertsolaritza, musika, antzerkia eta ikus-entzunezkoen laborategiak egingo dituzte, hurrenez hurren. Egonaldiak 100 euroko prezioa du.

Gazte Sortegiak egonaldiko lan-taldea

Gazte sortegiak ekimenak lagun artean sormena bizitzea, gazte sortzaileen sarea elikatzea eta euskararen erabileran eta gaitasunean eragitea bilatzen du. Horretarako lau sormen laborategi proposatzen ditu. Lehen egunean, apirilak 3, Oihane Perea Arabako Bertsolari Txapelketako txapeldunak Bertsoa jolas izeneko sortegia gidatuko du. Bertan jolasen bitartez errima eta inprobisazioa landu eta bertso-sortak egingo dira.

Jon Basaguren musikari eta esatariak musika lantegia zuzenduko du Musikaz egin izenpean, apirilaren 4an. Lantegi honetan bakoitzaren gustu musikaletatik abiatuta Euskal Herriko musikaren historiaren birpasa txikia egingo da. Horrekin batera aurreko eguneko bertso-sortekin taldeka rap-reggaeton bat grabatzea proposatuko da eta guztien artean kanta bat sortzen saiatuko dira. 

Unai Lopez de Armentia antzerkilaria eta Baratza aretoko arduradunak Antzerki–aterki izeneko laborategia egingo du apirilaren 5ean. Aurreko egunetan landutako bertsoak eta abestiak gorputz adierazpenera eramatea proposatuko die gazteei. Horrekin batera talde entzumena lantzeko teknikak egingo dira, baita inprobisazio ariketak eta antzerki-muntaia txiki bat ere.

Maider Oleaga zuzendari eta gidoilariak ikus-entzunezkoak izango ditu langai Zer daki begiak soinuez? galderaren testuinguruan, apirilaren 6an. Zinemaren marko teorikotik abiatuta aurreko egunetako bizipenak irudien eta soinuen bitartez adierazteko saiakera egingo dute, zinemaren aukera eta mugetan arreta jarriz.

 

Sormen laborategi bakoitza 10:00-13:30 eta 15:30-18:30 artean landuko da. Ostean dinamika eta gaubela desberdinak egingo dira sormen bizipena osotzeko.

Izen-ematea, martxoaren 11ra bitartean

Egonaldiak 100 euroko prezioa du (lau gau eta otordu guztiak barne) eta izena emateko epea martxoaren 11n itxiko da. Interesdunek formulario hau bete beharko dute edo sortegiak@oihaneder.eus emailaren bitartez izena eman. 

Egonaldiaren ostean, 2018-2019 ikasturtean, sormen eskola abiatuko da Oihaneder Euskararen EtxeanEskolaz kanpoko ekintza bezala planteatuta, astean behineko saioetan antolatuko da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago