Kantuz eta Kontuz, Mikel Markezekin kantari

mikelmarkez.com

Mikel Markez musikariak gidatutako euskal kantagintza tailerra antolatu dute elkarlanean Oihaneder Euskararen Etxeak eta GEU elkarteak. Tailerrak gazteak euskal kantagintzara erakartzea du xede.

GEU elkarteak eta Oihanederrek bat egin dute gazteen artean euskal kantu herrikoiak eta garaikideak ezagutarazi eta kantu zaletasuna bultzatzeko xedez. Horretarako, Mikel Markez musikariak gidatutako tailerra antolatu dute, euskal kantagintzaren historian murgiltzeko eta kantuak bizitzeko aukera emango duena

Gazteak erakartzeko asmoari jarraiki, parte-hartzaileen artean 18-35 urte bitarteko lagunak lehenetsiko dira. Tailerrean izena emateko epea azaroaren 28tik urtarrilaren 8ra zabalduko da. Interesdunek Oihaneder eta GEU elkarteko webguneetan eman ahalko dute izena (oihaneder.eus / geuelkartea.eus). Matrikula orokorrak  20 €ko prezioa du, langabe eta ikasleentzat 15 €.

Ikastaroa bost saiotan banatuko da, 2017ko urtarriletik maiatzera bitartean. Hilean behin saio bat egingo da, ostegunetan 19:00-20:30 artean zehazki. Saio parte hartzaileak izango dira, izan ere, euskal kantagintzaren historiaren pasarteak lantzearekin bat, garai bakoitzeko zenbait kantu landuko dira guztien artean abesteko.

Lehenengo saioan, urtarrilaren 12an, 60ko hamarkadara arteko euskal kantagintza aztertuko da. Argizarizko grabaketa eta arbelezko diskoetatik single txikietara egingo da jauzi otsailean. Martxoak 70eko hamarkadako LPak izango ditu protagonista eta apirilak 80ko kasetteak. Amaitzeko, euskal musikak 90eko hamarkadatik gaur egunera izandako bilakaera aztertuko da.

Informazio gehiago:

  • apedruzo@oihaneder.eus
  • 615 98 68 32

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago