Bi urte bete berritan inoiz baino eskaintza anitzagoa

Oihanederrek urteurrena ospatu zuen larunbatean eta inoizko eskaintzarik zabalena eta anitzena aurkeztu zuen.

Iragan larunbatean, urriak 15, Oihanederrek bi urte bete zituen. Musika, dantza, antzerkia, marrazkia, literatura eta beste hainbat diziplina protagonista izanik, Euskararen Etxea kolorez, soinuz eta jardueraz bete da denbora honetan. Hamaika ekitaldi eta hamabi bisitari: Maialen Lujanbio, Koldo Zuazo, Kike Amonarriz, Blanca Urgell, Gorka Urbizu, Ane Irazabal, Jose Angel Irigaray, Garbiñe Biurrun, Izaro, Juan Jose Ibarretxe, Asisko Urmeneta, Iñaki Perurena…

Urteurren ospakizunean, bi urtetako bidean oso gertuko bidelaguna izan den Hala Bedi irratiaren izenean etorritako Jon Aranburuk ondo egindakoak eta etorkizuneko erronkak izan zituen hizpide. "Gasteizen euskaraz bizitzen saiatzen garenontzat erreferentziazko toki bihurtu zarete, bazarete arnasgune bat eta bi urteko tartean lortzea, joño, bada zerbait, zorionak!". Aurrera begira lana egon badagoela azpimarratu zuen zuen Aranburuk "izan dadila etxe hau euskaldunberri, zahar eta euskalduntxarron elkargunea, denok batera arraun egiteko". Patxi Zubizarreta, Mintxo Cemillan eta Pello Ramirez protagonista zituen diziplina anitzeko ikuskizunak borobildu zuen ospakizuna.

Egitarau zabala prest

Urtebetetzea igarota, inoiz baino programazio egonkor eta zabalagoa prest du Oihanederrek. Zehazki, abendura bitartean hiru erakusketa egongo dira. Azaroaren 3tik 24ra, Argia komunikabidearen “Trantsizioak izenekoan, azken lau hamarkadetan Euskal Herrian izandako eraldaketa ekonomiko, sozial eta politikoak egongo dira ikusgai. Abenduaren 2tik urtarrilaren 8ra bitartean, EHUko Mikel Laboa katedrak sortutako Laboa gertutik erakusketa egongo da, Mikel Laboak bere bizitzan jorratutako esperimentazio estetikora gerturatuko gaituen musika-instalazioa. Bi erakusketen testuinguruan bestelako jarduerak antolatuko ditu Oihanederrek: dantza ikuskizun bat, hitzaldi didaktikoak, bisita gidatuak, bideo-foruma, jardunaldiak… Hirugarren erakusketa martxan da jada, Gasteiztarrak Arraun the World  lehiaketan parte hartu duten lan irabazleen argazkiak biltzen dituena, hain zuzen ere. Azaroaren 1era arte egongo da ikusgai.

Honekin batera, euskarazko zinema ardatz duten bi ziklo berri antolatu dira. Batetik, urriaren hasieran euskarazko azpitituludun zinema zabaltzea xede duen Filmazpit programa abiatu  zen. Hilean behin filmeak proiektatuko dira, jatorrizko hizkuntzan eta euskaraz azpititulaturik. Bestetik, Gasteizko euskaltegiekin elkarlanean, euren ikasleei zuzendutako euskarazko filmeen proiekzioak egingo dira azarotik apirilera bitartean.

Era berean, aurreko ikasturtean abiatutako zenbait jarduerek bere bidea jarraitzen dute. Besteak beste, Sortegiak sormen ikastaroen barruan 12 lagun ari dira euskaraz antzerkia sortzen Javier Fernándezen gidaritzapean. Eskilarapeko Soinuak formatu txikiko musika emanaldietan ikasturte honetan Jabier Muguruza, Lumi, Rafa Rueda, Hutsa, Jaio Kantaktriz & Dr. Sax, Etxe, Metro Koadro eta Josu Bergara egongo dira. Hitz Adina Mintzo zikloak Ameriketako quichuera, kaqchikelera eta maya yucatekoa eta gertuagoko katalana eta aragoiera hizkuntza gutxituak hurbilduko dizkigu datozen hilabeteetan. Eta Alearekin elkarlanean egindako SolasAlean elkarrizketa irekietan Zuriñe Hidalgo eta Jone Goirizelaia izango dira hurrengo gonbidatuak. Gabonetan, familia giroan euskara sustatzea bilatzen duen Gabonetan jai proposamenaren bigarren edizioa egingo da eta urtarrilean, Ilunabarrean dantzan balfolk eta euskal dantzen zikloaren bigarren ikasturteari ekingo zaio.

 Eta ez hori bakarrik…udazkenekoa oso martxan eta 2017koa labetik ateratzeko prest!

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago