Gasteiztarrak Arraun The World, bideaz gozatu eta kontatu!

Erabiltzailearen aurpegia Oihaneder Euskararen Etxea 2016ko eka. 22a, 16:06

Abian da bigarren urtez Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketa, aurten Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak-ek elkarlanean antolatuta. 

Aurten Gauekoak eta Oihanederren artean antolatu da lehiaketa. Iñaki Lazkano Oihanederreko teknikariaren hitzetan "gazteak dira Gauekoak-en xede eta Oihaneder Euskararen Etxetik jende gaztea euskarara erakarri nahi dugu. Helburu komuna dugu beraz, eta aurrerantzean elkarlanean aritzeko borondatea eta gogoa".

Lehiaketa ekainaren 22tik irailaren 22ra bitartean egongo da abian, biak barne. Parte hartzeko hogei argazkidun argazki-sorta aurkeztu behar da eta argazki-sortari eta argazki bakoitzari euskarazko izenburua jarri. Horrekin batera, egindako bidaia, txango edo egun-pasaren azalpen laburra bidali behar da oihaneder@oihaneder.eus helbidera.

Lau argazki-sorta sarituko dira, 300 euro sorta bakoitzeko. Saritutako lanen egileek abenduan Durangoko Euskal Liburu eta Disko azokan asteburu pasa irabaziko dute: 2 pertsonentzako bi gautako egonaldia Durango ondoko Garaiko landetxean (150 euro) eta azokan gastatzeko 150 euroko bonoa.

Gauekoak-eko Odei Catalanek azaldu bezala sariak bi kategoriatan banatuko dira "18-30 urte bitartekoentzat bi sari Gauekoak-en eskutik eta 30 urtetik gorakoentzat beste bi Oihanederren aldetik".

Udazkenean saritutako lau argazki-sortekin erakusketa egingo da Oihaneder Euskararen Etxean. Horrekin batera, irabazleek aurkezpen publikoa prestatu beharko dute argazkien bitartez egindako bidaia kontatzeko. "Oro har egindako bidaiak partekatzea gustatzen zaigu, eta guk euskaraz kontatzera animatu nahi zaituztegu" erantsi du Lazkanok. Aurkezpen publikoak Gasteizko lau auzo desberdinetan antolatuko dira hiriko hainbat euskal eragilerekin elkarlanean.

Oinarriak: Gasteiztarrak arraun the world argazki-lehiaketa 2016

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide