Udaberri jaia, hizkuntza adina doinu

Oihaneder Euskararen Etxeak maiatzaren 14an ospatuko du Udaberri jaia, Hizkuntza Gutxituen 2. Musika Jaialdia. Asturiaseko Dixebra taldea eta Terbutalina galiziarrak arituko dira aurten. 

Udaberri jaiaHitz Adina Mintzo Hizkuntza Gutxituen zikloari amaiera borobila emango dio. Munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea helburu duen zikloak galiziera, nawatera, galesera, asturiera, tamazightera, gaskoiera eta kurduera hurbildu dizkigu ikasturte honetan.

Horiek horrela, Hizkuntza Gutxituen 2. Musika Jaialdian  aurten landutako hizkuntzetako bitan musika egiten duten taldeak izango dira. Hain zuzen ere, 20:30etik aurrera Falerina lorategia Asturias eta Galiziako doinuez beteko da Dixebra eta Terbutalina taldeekin

 

Horrez gain, Broken Brothers Brass Band nafarrek erdialdeko kaleak girotuko dituzte 19:00etan Andra Mari Zuriko plazatik abiatuko den kalejira baten bitartez.  Euren musika New Orleans-eko Brass Band garaikideen soinuan oinarritzen da. Egungo funk-a, gospel-a eta jazz-a dira nagusi euren zuzeneko indartsuetan non talde-inprobisazioak sekulako garrantzia duen. Agertoki eta kale ugaritan aritu dira jotzen, Jazz jaialdi ezberdinetan, besteak beste, Donostiakoan, Getxokoan, Zaragozako Jazz al Margen jaialdian, FEMUKAn eta Zornotzako Haizetara Kale Musikarien Nazioarteko jaialdian. Leku hauetan ez ezik, herri askotako jaietan ere ibili dira. Brass Band-en espiritua bere egina, beti daude prest edozein ekitalditan jotzeko. Furgoneta hartzeko eta inori ezer esan gabe edonon agertzeko ere gai dira, aukeratutako txokoa euren musikaz betez.

 

20:30ean Dixebrak joko du, zalantzarik gabe Asturiaseko musika talde ezagunetariko bat. Sortu zenetik, 1987. urtean, 10 disko baino gehiago kaleratu ditu eta guztiek nola publikoan hala kritika espezializatuan oso harrera ona izan dute. Euren letren eta musikaren bitartez Asturias garaikideko historia musikala eta politikoaren berri ematen dute. Egunerokotasunaren unibertsaltasuna, tokiko eta mundu mailako arazoak, konpromiso politikoa eta salaketa soziala bezalako gaiak jorratzen dituzte beren abestietan. Hau guztia ironia eta asturierarekin uztartzen dute. Musika moldeari dagokionez, Dixebra aurreiritzi gabeko nahasketaren aldeko apustua egiten duen rock talde eklektikoa da. Taldekideek dituzten gustu eta interes ezberdinen ondorioz, euren musikan hainbat estilok dute eragina: rock-ak, punk-ak, ska-k, reggae-ak, rap-ak eta folk-ak. Zentzu honetan, Dixebraren proposamen musikalean egungo mundu globalaren zenbait erronka islatuta agertzen direla esan daiteke: kulturen arteko harremana, kultur-aniztasuna, identitate-gutxiagotuen balorazioa, sinkretismoa edo mundu globala eraldatzeko tokian-tokiko ekintzen garrantzia.

22:30etik aurrera Terbutalina galiziarrek dantza egitera bultzatuko gaituzte,  goizero dutxa pattarrarekin hartuko bagenu bezala. Tabakoa, hondartza eta politikari inputatuen arteko ezkontzak gustuko dituen garaje-punk musika talde parrandazalea da Terbutalina, Galizia mendebaldeko kostaldetik datoz eta bost asmatikok osatzen dute. 2010ean sortu, eta oraino ez diote jotzeari, hazteari eta ondo pasatzeari utzi. Galiziako bost promiskuo eta monogamo hauek euren garaje-punk bizia jaialdi eta areto anitzetatik eraman dute. Izan ere, euren zuzenekoari esker 2014an “Artistas en Ruta” biran aukeratua izan zen taldea. Terbutalinak hainbat disko atera ditu. Bere azkenaurreko LPari, A Muerte izenekoa, Musika Independentearen Sarietan galegoz egindako album onenaren saria eman zioten. 2015eko azaroan beren azkeneko lana kaleratu dute, Al Otomano se le va la mano; A Ponte estudioan grabatua, Jim Diamond-ek (The White Stripes, The Sonics) Ghetto Recoders-en (Detroit) masterizatu zuen eta Folc Records-ek eta Grabaciones de Impactok editatu dute.

Udaberria, primavera, xopan, chirawpacha, lolli, 봄, samakono,  che chelle, arbiǎ, om’bit, بهار, хавар,  春天, ilkyaz, kacanglahan, tngnganabaw… Udaberriari kantatzeko  hizkuntza adina doinu dago munduan… Ospa dezagun elkarrekin udaberri eleanitza!

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago