Efemerideak gauza boteretsua dira, guztiok dakigu. Bizitza ziztu bizian doa, eta ez bagenu gertakariak oroitzeko ohiturarik, azkar lausotuko lirateke gehien-gehienak. Egun, urte eta hamarkaden ur lasterretan, urteurrenek laguntzen digute denboraren iragatea hobeto neurtzen, baita iraganarekiko lotura mantentzen. Propaganda edo zuriketarako aukera ona ere badira, noski. Eta oroitzen dugunak bezainbeste definitzen gaitu oroitzen ez dugunak.
Ezustean, efemeride potoloa sartu digute joan den astean Gasteizko plaza esanguratsuenetako batean: Espainiako Polizia Nazionalaren 200. urteurrenaren ospakizuna. Hara! Gaur egungo polizia erakunde hori ofizialki 1986an sortu bazen ere, bere egiten omen du espainiar estatuan poliziak egindako ibilbide osoa. Aprobetxa dezagun, beraz, ibilbide oparo horren aitortza, txoko honetatik Greatest Hits gehigarri zenbait oroitzeko.
1824an, Fernando VII.a errege absolutistak Espainiako lehenengo polizia modernoa sortu zuen, liberalen kontrako errepresiorako batik bat, berrezarkuntza garaiko beste hainbat monarkia europarretan bezala. Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak esan du "euskal gizarteak Poliziarekin egindako zorra kitatzeko ordua dela".
"Ezustean, efemeride potoloa sartu digute joan den astean Gasteizko plaza esanguratsuenetako batean"
1936ko altxamendu faxista Gasteizen arrakastatsua izan eta gero, ordena publikoa zaindu zuen Poliziak; esaterako, estatu kolpetik egun gutxira, faxistek plaza berriari izena aldatu eta oraindik ere badaraman Espainia plaza jarri ziotenean. Hiriko alkate Maider Etxebarriak Espainia plaza horretan bertan egin die, aproposki, harrera polizia-funtzionarioei, tente-tente, haien bandera altxatu eta haien ereserki nazionala jo duten bitartean.
1976an, poliziak hiri honetako seme-alaba langileei tiro egin eta bost erail zituen. Joan den larunbateko ekitaldian ere tiro egin dute, oraingo aldian, zorionez, zerura eta jaurtigairik gabe. Ekitaldian ozen irakurri dituzte zerbitzuan eraildako polizien izenak. Poliziak eraildakoenak, honetan behintzat, ez.
1960 eta 2014 artean, Eusko Jaurlaritzak eskatutako txostenaren arabera, gutxienez 1785 pertsonak salatu zituzten Polizia Nazionalaren torturak, nahiz eta egileek aitortzen duten seguruenik egiazko kopurua askoz altuagoa izan behar den. Horietako 102 guztiz sinesgarritzat jo dira Istanbulgo Protokoloaren arabera, eta bederatzi Espainiako justizia sistemak berak epai irmoen bidez aitortu zituen. Ohorezko [sic] aurreskua dantzatu diete Itxaso, Etxebarria eta polizia-buruei. Zenbaten truke, hori ez dut jakin.
Oihan Txabarri.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.