Institutuko filosofia klaseetan kasu egiten bazenuten edo, ni bezala, gaueko ordu txikietan Wikipedian orrialdez orrialde salto ibili zaleak bazarete, gogoratuko duzue Pascalen apustua. Laburbilduz, Pascalek dio ezin dugula ziur jakin Jaungoikorik den ala ez, eta gure biziarekin apustu egin behar dugula: Jaungoikoak nahi duen moduan biziz gero, hil ostean ez badago ezer, ez dugu deus galduko; ordea, Jaungoikoa, zerua eta infernua benetakoak badira, eta Jaungoikoaren nahien kontrako bizimodua izan badugu, hondamendi eternala pairatuko dugu. Beraz, ondorioztatzen du Pascalek, jokabide arrazional bakarra Jaungoikoarengan sinestea da, badaezpada.
Pascalen arrazoibidea ahula omen da, besteak beste, dikotomia faltsua delako. Aukerak ez dira bi, Jaungoiko kristaua bai edo ez, baizik eta infinituak. Agian ez dago Jaungoikorik, froga ezak iradokitzen duen bezala. Baina agian badago eta ez da Jaungoiko kristaua, baizik eta giza kulturek historian zehar gurtutako beste edozein, edo, are gertagarriagoa, gizakiek inoiz ez gurtutako beste entitate deskribagaitz bat. Zentzu horretan, Euromilioietan jokatzearen antzekoa da, ez txanpona aurpegi ala gurutze botatzearena.
Azkenaldian, Pascalekin gogoratu naiz datozen hauteskundeez pentsatzean. Izan ere, sumatzen ditut nire inguruan oso bestelako sinestunak. Batzuk konbentzituta daude faxismoaren oldarraldia eta garai beltzak datozkigula. Beste batzuek, ostera, ez daukate kezka handirik, eta uste dute funtsean ez dela ezer aldatuko. Nik ezin dut jakin nork duen arrazoia, baina filosofo frantziarrak planteatu zuen bezala, iruditzen zait zerbait galtzeko dugunoi, badaezpada, komeni zaigula bozkatzera hurbiltzea. Berdin zait ilusioz gainezka, beldurraren beldurrez edo sudurra estalita joango garen, baina argi ikusten dut gure Pascalen apustuaren ordua dela, zerbait gal dezakegunona. Jakin gabe zerbaitetarako balioko duen edo ez, jakin gabe apur bat, asko edo dena gal dezakegun. Ahulen apustua, badaezpadakoa.
Oihan Txabarri.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.