Gizarte bati buruz asko esaten du zer den unibertsala eta zer ez. Esaterako, aski ezaguna da Estatu Batuetan osasun-zerbitzuak ez direla, oro har, doakoak. Entzuna daukagu New Yorken ospitaleratuak baldin bagara, gogotik ordainduko dugula egonaldia, eta gaixotasun larri batek porrot ekonomikoa ekar diezaiokeela familia oso bati. Han ez daude prest osasungintza guztien artean hornitzeko, eta kontratu sozialak zera dio: "Suerte txarra baduzu, hor konpon". Gurean, ordea, medikuak kontsultan artatzea, dialisia edo ebakuntza bat egitea doakoak dira, momentuz. Gure kontratu sozialak hala dio: "Suerte txarra izan duzu, bihar ni izan naiteke, eta hau guztion kontura".
Imajina ezazue, baina, osasungintzaren doakotasuna baldintzatua eta a posteriori balitz. Irudikatu medikuarenera jotzea eta hark esatea baietz, tratamendua emango dizula, baina hasteko ordaindu beharko duzula, eta egoki hartu duzulako frogak ekartzen badituzu, dirua itzuliko dizula handik hilabete batzuetara. Edo pentsa Osakidetzako zirujauak esango balizu baietz, tumorea kenduko dizula, baina aldez aurretik ordaintzen baduzu. Datorren urtean, ondo osatu bazara, itzuliko dizute dirua. Onartuko genuke orduan esatea osasungintza doakoa eta unibertsala dela? Esan genezake osasuna eskubidea dela, dirua aurreratu ezin dutenak baztertuta geratuko balira?
Bada, horrelakoxea da gurean euskararen inguruko kontratu soziala. Jaurlaritzak saldu nahi digu orain euskaltegiak doakoak direla, baina ikasleek dirutza ordaindu behar dute aldez aurretik, eta itzuliko zaie titulitisarekin lotutako baldintza jakin batzuk beteta bakarrik. Eta hori ez da doakotasuna, are gutxiago unibertsaltasuna. Periodikoetako trajedunak ez dira inoiz nekatzen errepikatzeaz euskara "guztiona" dela. Premia daukagu klixe hutsal hori mamituko duen kontratu sozial berri bat sortzeko, herritar guztiontzat euskara doako bilakatzeko behingoz. Hitzarmen sinple bezain irmoa, zera dioena: "Nahi baduzu, zeurea da". Guztion kontura, guztiona eta guztiontzat baita.