Asmakizunak

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2022ko ots. 27a, 10:00

Arg: Unsplash

"Zer gertatuko litzateke ospitaleko protokoloa han inoiz aritu ez denak diseinatuko balu?"

Gustuko al dituzue asmakizunak? Gaurko lerroetan hiru dakartzat. Errazak, agian, baina uste dut ondorioren bat atera dezakegula. Jolastu nahi? Aurrera, bada.

Lehenengo asmakizuna. Demagun webgune bat dagoela, Eusko Jaurlaritzaren erakunde autonomo batena. Demagun webgune hori euskaltegietako irakasleek erabiltzen dutela ikasleen ebaluazioak igotzeko, erakunde horrek egiazta dezan gauzak fundamentuz egiten direla. Demagun irakasleek ikasturte osoan bi aldiz besterik ez dutela erabiltzen webgune hori. Eta demagun erakunde horren arduradunek erabaki dutela webguneari berrikuntza teknikoak egin behar zaizkiola. Horra asmakizuna: noiz egingo zaizkio berrikuntzak webguneari, irakasleen sarbidea zenbait egunetan galaraziz? Justu aplikazioa erabili behar duten astean? Edo urteko beste edozein unetan? Bigarren asmakizuna, lehenengoari lotua: berrikuntza horiek egin ostean, nola funtzionatuko du plataforma digital horrek? Lehen bezala? Hobeto? Okerrago?

Zuen erantzunak "irakasleek erabili behar dutenean" eta "okerrago" izan badira, zorionak. Bete-betean asmatu duzue! Mediumak al zarete Aleako irakurleok? Susmoa daukat ezetz, guztiok izan ditugula antzeko esperientziak administrazioarekin. Gauza publikoak makina perfektuki koipeztatua izan behar luke, baina askotan Asterixen hamabi probak ematen du. Ez dut uste errua funtzionarioena denik, erabakiak errealitatetik urrun hartzen dituzten agintariena baizik. Sinplea dirudi: gure jarduna baldintzatzen duten erabakiak hartzen dituzten horiek gure eguneroko errealitatea ezagutu behar lukete. Zer gertatuko litzateke ospitale bateko protokoloa ospitale batean inoiz aritu ez den norbaitek diseinatuko balu? Erabaki pedagogikoak ikasgelarik zapaldu ez duen batek hartuko balitu? Eraikin publiko batean segurtasun-kameren kokapena erabakiko balitz segurtasun-langileen iritzia eskatu gabe?

Galdera horiei "ezer ez, adibide horiek guztiak ere benetakoak dira" erantzun badiezue, zorionak! Hori zen eta hirugarren asmakizuna

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago