Txipiroiaren jokoa

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2021ko urr. 30a, 10:00

Arg: Netflix

"Kezka handia omen dago haurrek telesaileko jokoak patioan imitatzen dituztelako..."

Agian ikusi duzue, agian ez, baina entzunda izango duzue, ezta? Modako seriea da Txipiroiaren jokoa fikziozko telesail hego korearra. Labur esanda eta spoiler (izorraki?) handirik gabe, Koreako ehunka lagun etsiri, kapitalak itotako zordun miserableenei, joko maltzur batean parte hartzea proposatzen die talde antolatu misteriotsu batek. Haurren jolasen moduko probetan egiten dute aurrera, zorrak kitatzeko milioiak irabaztea sari, baina galtzaileak atoan akatzen dituzte, tiroka.

Biolentzia odoltsuaren eta haurren jolasen arteko konbinazio kitsch arrakastatsua izan da, baita printzipioz ikustea galarazita eduki beharko luketen haur eta nerabeen artean ere. Hala esan du zenbait komunikabidek, behintzat: kezka handia omen dago hala ikastetxeetan nola gurasoen artean, haurrek telesaileko jokoak patioan imitatzen dituztelako, eta biolentziaz jositako halako edukia ikusten dabiltzalako. Euskal Herriko ikastetxeren batek ere mezua bidali omen die gurasoei, seriearen arriskuez ohartzeko.

Nik, ziniko jarrita, ezin izan diot barreari eutsi. Kezkatuta daude, beraz, ikastetxeetan, ikasleek Txipiroiaren jokoa imitatzen dutelako? Ez dut uste, bada, haurrek pistolarik daukaten eskura galtzaileak fusilatzeko, eta armarik gabe zera geratzen omen da telesailetik kopiatzeko: bat bi hiru karabin bon ban, sokatira, kanikak eta abar. Arrisku publiko nabarmena. Bestalde, haurrek (eta gizarte osoak) biolentziarekin daukaten harremana ez du konponduko telesail bakar bat ez ikusteak, eta zuzendaritza-talde baten hamaika mila mezuk ere ez lukete eragotziko gaztetxo batek modako seriea ikustea, tematuko balitz.

Baina nire susmoa da alarma mezuak zabaldu dituzten hedabideek ondotxo dakitela hori, eta badakitela halako albiste sentsazionalistek programa horren ospea handitu besterik ez dutela egiten. Milaka klik eskuratzearen truke, hori bai. Badu ironia puntua: tentu handirik gabe tinta isuri, bazterrak nahasi eta helburua lortuta alde egin. Txipiroiak ere ez luke hain ondo egingo.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago