Hiruko erregela

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2021ko mar. 28a, 10:00

Arg: Unsplash

"Beldur naiz laster ez ote diren, zer dakit nik, Ernesto izeneko bizpahiru txertatu segidan hilko"

Institutuan matematikak gorroto nituen. Hori izan zen letra "puruak" hautatzeko motibazio nagusia, matematikei iskin egitea. Ez zitzaidan oso ongi atera, bi urtez latina eta greko klasikoa sufrituz ordaindu bainuen jokaldia, baina tira… libratu egin nintzen integral eta deribatuez. Oraindik ez daukat oso argi zer den deribatu bat. Beti pentsatu izan dut zenbakiak gorroto nituela kaskarra nintzelako, baina orain konturatu naiz ezetz, ona nintzela, utzi aurretik ikasi nuelako hiruko erregelak egiten. Gure agintariek halakorik egiten jakingo balute!

Milioi bat txerto jarri eta hilabetera 100 txertaturi besoak erortzen bazaizkie, hori %0,01 da. Jakiteko kopuru hori anormala den edo ez, begiratu behar dugu txertoa jaso ez dutenen artean eroritako besoen kopurua %0,01etik gertu dagoen edo ez. EMAn, Sendagaien Europako Agentzian, ni baino askoz jende jantziagoa dago. Baina Oxford-AstraZeneca txertoa segurua zela esateko, funtsean, hiruko erregela ziztrin bat baino ez zuten erabili. Txertatuen arteko odolbildu kopurua ez zen estatistikoki nabarmenagoa ez-txertatuena baino. Are gehiago, EMAk argi utzi zuen txertoak odolbildu kopuru txiki bat eragingo balu ere –eta ezin esan hala denik–, onura askoz handiagoa ekarriko lukeela birusaren eragina eta hedadura apalduz. Birusak berak odolbildu-arrisku askoz handiagoa eragiten ei du txertoak baino.

Datu horiek zuzen interpretatzeko ez da Einstein izan behar. Datu horiek irakurtzen dakiten zientzialariei kasu egiteko, eta erabaki politikoak ebidentzia zientifikoari jarraiki hartzeko, ez da jenioa izan behar. Joan den asteko etenagatik biziak galduko direla jakiteko ere ez da operazio matematiko nahasirik behar, ez eta geldialdi horrek eragingo duen mesfidantzaz jabetzeko. Noraezean dabiltza aginte postuetan, eta beldur naiz laster ez ote diren, zer dakit nik, Ernesto izeneko bizpahiru txertatu segidan hilko, eta ministerioak Ernesto izena duten guztiei txertoa debekatu. Erabakia hartu aurretik institutuko ikasleren bati hiruko erregela bat eskatu gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago