Loroarena

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2021ko urt. 23a, 10:00

"Hasieran pentsatu dut idaztea Kutxitik pasatzean taberna barruetan ikusi nuen panoramaz..."

Harrapatu nau zezenak beste behin, eta ez da lehenengo aldia. Heldu da iritzi-zutabetxoa bidaltzeko ordua, eta oraindik ez dakit zeri buruz idatzi. Hobe esanda, badakit zeri buruz idatzi, baina aukera batek ere ez nau konbentzitzen. Hasiera batean pentsatu dut idaztea larunbat arratsaldean Kutxitik pasatzean taberna barrualdeetan ikusi nuen panoramaz, baina gero lotsa eman dit. Ez naiz zuen aita, ezta apaiza ere, eta ez dut uste inor konbentzituko nukeenik. Ez hori bakarrik, pandemiaren monotema elikatuko nuke, eta beste kontu batzuez ere mintzatu beharra dugu, osasun mentalagatik-edo. Orduan, pentsatu dut gaurkotasunezko beste gairen baten inguruan aritzea, baina guraso naizenetik ez dut apenas albisterik kontsumitzen, ez baitut ez gogorik ez astirik. Tira, horrek behintzat hurrengo aukera ekarri dit burura: aitatasunaz idaztea. Tentazioa eduki dut, eta ez dizuet esango inoiz egingo ez dudanik, balaren bat gorde behar dut eta. Baina sentibera nago, eta ez dut lerro eztitsurik idatzi nahi izan. Bururatu zait orduan aitatasunaren buruhausteez idaztea, orokorrago, aseptikoago. Esaterako, haurrarentzako eskola hautatu beharraz, eta hiriko ikastetxe publikoetako ate irekien egunetan ikusitako guraso zalantzatien peregrinazioaz. Baina ez zait iruditu horretaz ezer originalik neukanik esateko, eta azkar zokoratu dut ideia. Gainera, behin idatzi nuen hemen Gasteizko ikastetxeen ghetto izaera nabarmenaz eta hori konpontzeko borondate politiko falta nabarmenaz, eta sentituko nuke predikua errepikatzen ari naizela. Horixe da arazoa, aitortu diot neure buruari: askotan susmatzen dut predikua errepikatzen ari naizela. Esaldi gutxiko loroa naizela pentsatu izan dut inoiz. Zenbat ideia original, interesgarri edo baleko izan ditzake pertsona bakar batek? Ez dakit egunkarietan egunero iritzigile dabiltzanek nola egiten duten. Ezinezkoa da beti baliozko zerbait izatea esateko. Beraz, azkenean amore eman dut. Ezin da egunero txantxangorri izan. Batzuetan, loro.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago