Hemen ez da kasurik egongo. Hemen ez da ia kasurik egongo. Hemen kasu batzuk daude, baina kontrolpean daude. Hemen kasu asko dago. Hemen are kasu gehiago dago. Hemen kasuak daude baina orain beste modu batean zenbatuko ditugu, gutxiago diren itxura emateko. Hemen orain ez dago kasurik, ala bai, inork ez daki jada. Aspertu gara kasuak zenbatzeaz. Kar, kar, zertarako jakin nahi duzu hori. Gutxi dira, ezta? Bada, lasai.
Maskarek ez dute ezertarako balio. Maskarek ezer gutxirako balio dute. Maskarek bakarrik balio dute hurkoa ez kutsatzeko, ez geure burua birusaz babesteko. Maskarek gutxitzen dute kutsatua izateko probabilitatea eta kutsatzekoa. Maskara gomendagarria da. Maskara derrigorrezkoa da, tori doako bat. Maskara derrigorrezkoa da, zeuk erosi. Maskara derrigorrezkoa da, baina ez korrika egin behar baduzu. Maskara derrigorrezkoa izango da normaltasun berrian.
Txakurrak kalera atera daitezke: kaka egin behar dute eta ez dakite etxean egiten. Haurrak ezin dira atera: badakite etxean kaka egiten eta ez dute aire fresko edo eguzki-izpien beharrik. Haurrak atera daitezke, baina bakarrik farmazia eta supermerkatuetara laguntz… eee… haurrak ezin dira atera. Itxaron, haurrak atera daitezke, baina bakarrik ordu batez eta etxetik kilometro batera. Haurrak ezin dira jolas-parkeetan jolastu, arriskutsua da. Helduek eta haurrek edan dezakete terrazetan, ez da arriskutsua. Haurrak ez dira eskolara itzuliko, arriskutsua da. Helduak lantegira itzuliko dira, ez da arriskutsua. Pertsona zaharrek ordutegi propioa izango dute, arriskutsua da. Haurrak aitona-amonekin geratuko dira etxean gurasoak lantokian dauden bitartean, ez da arriskutsua. Oiondarrok ezin zarete Logroñora joan. Laudioarrok Oionera joan zaitezkete. Orain aguraindarrok Irunera bai, baina Altsasura ez.
Badakigu zertan ari garen. Badakigu zertan ari garen. Badakigu zertan ari garen. Badakigu zertan ari garen. Badakigu zertan ari garen. Badakigu zertan ari garen.