Ivan Rocha

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2019ko ots. 28a, 11:44

"Iruditerian askoz sakonago geratzen dira iltzatuta hutsegiteak ondo egindakoak baino"

Galdetu nire adineko alaveszale bati nor den Ivan Rocha eta segituan esango dizu: penaltia kornerrera bidali zuen hura. Ez dizu esango Ivan Rocha Lima jauna Sao Paulon jaio, 18 urterekin Sao Paulo FC-rekin debuta egin eta hamaika talderekin ibilbide profesional oparoa izan zuen ezker alboko atzelaria izan zela, ezta 23 urterekin Amerikako txapeldun izan zela, Libertadores kopako penaltietan berea sarturik. Gasteizko futbolzale gehienek Ivan Rochari buruz gogoratzen duten gauza bakarra beste penalti bat da, Alaves–Valentzia batean oso gaizki jaurti eta ia kornerrera bidalitakoa, eta hala esango dizute galdetuz gero, 20 urte pasa badira ere. Iruditeria kolektiboan askoz sakonago geratzen dira iltzatuta hutsegiteak ongi egindakoak baino.

Alaveseko zaleei Ivan Rocharekin bezala gertatzen zaigu euskaldun gehienoi ETB 1ekin. Euskarazko telebista kate publiko bakarrak baditu zenbait saio bikain, eta kalitate handiko edukiak sortzeko ahalmena duten langile prestu eta azkarrak. Baina iruditeria kolektiboan geratu direnak Mr Bean, kamera ezkutu quebectarrak, rantxerak eta Meza Santua dira. Agian karikatura bidegabea izango da, Ivan Rochak gurean utzitako arrastoa bezala. Baina gure telebista publikoaren kontrola dutenen lehentasuna Telecincoren erdal kopia EAEtarra bultzatzea den bitartean, saio bikain horiek programazio kaskarraz eta errepikapenez inguratuta egongo dira; eta gure hizkuntzaren normalizaziorako (hau da, gure normalizaziorako) ikus-entzunezko tresna nagusia hori besterik ez da izango. Jokalari oso trebe batek etengabe kornerrera jaurtitako penaltia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago