'Narrazioak'

Erabiltzailearen aurpegia
'Narrazioak'

"Geure adina narrazioa da. Horregatik behar ditugu etiketa eta erreferentziak".

Norberaren adina narrazio bat da. Narrazio partekatua, kontuz: besteek interpretatzen dutenak ere pisu handia dauka gure adinaren konfigurazioan, ezin dugu guk bakarrik definitu. Baina ez, adina ez da, berdin dio idazki ofizialek eta munduko NAN eta pasaporte guztiek diotena, zenbaki soila. Geure adina narrazioa da. Horregatik behar ditugu etiketa eta erreferentziak. Batzuk orokorrak eta aski ezagunak: Millennials, Baby Boomers, X belaunaldia, gerra osteko belaunaldia. Beste batzuk norberak ezarriak: nik neuk oraindik lehen hezkuntzako mailarekin identifikatzen ditut eskolakide ohiak, balirudike betirako seigarren mailan izoztuta geratu garela."A bai, hau bosgarren mailakoa da; beste hura Alberto da, hirugarren mailakoa nire lehengusua bezala; Burgosen Urkorekin egin nuen topo, seigarren B-koa".

Kontua da adina, narrazioa den heinean, ez dela uniforme eta laua. Batzuetan denbora luzetxoa eman dezake aparteko aldaketarik gabe. Beste batzuetan gidoigileek astindua ematen diote eta orduan bai, orduan sentitzen duzu denboraren joana, jaiotze-datak dioena dioela. Kolpe batzuk nabari eta zakarrak dira, gidoilari alfer batek idatziak legez. Maite zenuen norbait galtzen duzu, edo existitzen zela ez zenekien gihar bat bihurtzen zaizu. Beste batzuk sotilak dira, ia ezkutukoak. Zure gurasoen etxe azpiko frutategi zaharrak ixten du, edo nerabezarotik lagundu zaituen musika taldeak utziko duela iragartzen du. Zure hiriko tranbiak hamar urte beteko dituela entzuten duzu, eta zeure artean diozu "nerabea nintzenean ez zen tranbiarik". Arazo handirik gabe identifikatzen duzu zaharruno batek esango lukeen esaldi gisa (akaso mende erdi luze barru balizko biloba batzuei errepikatzeko modukoa), eta orduan esaten diozu zeure buruari baietz, adina narrazio bat besterik ez dela, baina zeu narratzaile nagusi zarenez bazoazela garagardo bat hartzera, pikutara gidoi-aldaketak; eta gaurkoz off ahotsa beste batek jar dezala.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide