Argia

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2018ko ira. 13a, 12:43

"Egunero beste udalerri bat aipa genezake; 'hirurak Maulen, ordu bat gutxiago Trebiñun'".

Uda joan da, modu ez ofizialean bada ere, eta ez da trauma gainditzen lagunduko digun Zea Maysen abestirik. Ikasturteak bide eman dio errutinari, eta eguzkiaren argiak gero eta goizago egingo digu ihes, urriko azken astean neguko ordu-aldaketak beste behin gure arratsaldeei argitasuna guztiz lapurtu arte. Argi-izpiekiko harremana izan du hizpide berriki Europako Batzordeak, eta udako eta neguko ordu-aldaketak kentzea proposatu du. Espainiako Gobernuak ez dio proposamenari argiki erantzun: kontua argitzeko aditu batzarra sortuko duela igarri, eta nolanahi ere erabakia hartzeko orduan argi ibiliko dela argitu du.

Gurean aldaketa horrek zer ekarriko lukeen, beraz, ez dago batere argi. Mapari so bistan da Euskal Herriari, latitudea dela eta, Bretainia Handian eta Portugalen darabilten ordutegia egokiagoa zaiola Erroma, Sarajevo eta Varsoviakoa baino. Baina Frantziak nekez zokoratuko du beste 28 herrialderekin partekatzen duen ordutegi kontinentala, eta Espainiak hala egingo balu, zatiketa bat gehiago gehituko lioke Bidasoako mugari. Batzuentzat anatema litzatekeen hori (Euskal Herria bi ordu-eremutan banatuta egotea) azaleko desberdintasuna besterik ez litzateke izango, zeharo hutsala erreferentzia kulturalen edo ordutegi ohituren arteko aldearekin konparatzen badugu. Onerako ere ez genuke desberdintasun handirik nabarituko: ordu bateko gorabeherak ez ditu, adibidez, Hondarribian XVII. mendean geratu direnak gure egunetara ekarriko.

Edozelan ere, litekeena da Europak ordu aldaketa laster kentzea, eta horrekin batera neguko ordutegia orokortzea. Argiago ikusiko litzateke orduan gure egungo ordu-eremua zein desegokia den, eta ordua aurreratzeko aldarrikapenak hasi. Espainiar hedabideek haien saioetan darabiltenaren antzekoa erabil genezake guk: "Goizeko zortziak dira, bederatziak Baionan". Are gehiago, egunero beste udalerri bat aipa genezake, "Hirurak Maulen, ordu bat gutxiago Trebiñun", eta gutxienez orduaren asuntoa aprobetxatu lurraldetasun kontuei argi emateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago