Maite dugun pertsona bat hil da. Arau sozialei jarraiki, tristeziaren inertziaz, loradenda batera hurreratu eta lore-sorta bat erosi dugu, senideei bidaltzeko. Merkeena ez, baina aukera merkeenetakoa hautatu eta lore, mezu eta bidalketa gehiturik laurogei bat euro ordaindu ditugu. Dei nazazue ziniko, baina ezin izan diot keinu ezdeusa izan denaren sentsazioari ihes egin. Loreak, jaso ezin dituenarentzat. Loreak, mila milioi lorerekin ere hutsunea bete ezingo luketen senitartekoentzat.
Heriotza da mundu honetan geratzen zaigun gauza demokratiko gutxietako bat: guztiok hil beharko gara, goiz edo berandu, gutxienez behin. Zentzu horretan, harrigarria da XXI. mendean, nanoteknologiaren, auto hegalarien eta konkista espazialarena izan behar zuen mende honetan, zein gaizki antolatuta daukagun oraindik hiltzea bezalako funtsezko kontu bat
Gai potoloenak (tartean, heriotza duinerako eskubidea edota, besterik gabe, heriotzarako eskubidea) beste egun baterako utzita ere, oinarrizko absurdo kontzeptuala agerikoa da: hiltzea garestia da. Arnastea bezain naturala den gertakaria –eta arnastea bezain doakoa izan beharko litzatekeena– garestia da. Hori gutxi ez balitz, guztiz pribatizatuta dago, ehorztetxeen oligopolioaren esku. Osakidetzak ospitalean artatuko zaitu, Hezkuntzak haurrei irakatsiko die, Udalak zabor poltsak etxepetik kenduko dizkizu… baina zure hilotza kudeatu? Ez horixe! Senideek doluaren hasiera lazgarriarekin nahikoa izango ez balute, hortxe datozkie hileta, errausketa edota hobiratzearekin batera doazen tramite, buruhauste eta ordainketak.
Eta horiekin guztiekin batera, dudarik gabe borondate ezin hobeaz, ezer gutxirako balio duten dozenaka lore-sorta garesti. Minaren zama apenas arinduko duten keinu iragankorrak. Ez al zukeen familiak gehiago eskertuko zendua maite genuenok diru hori guztia bildu eta guztion artean hiletako gastuak ordaindu izan bagenitu? Ez al du besarkada estu batek lore-sorta baten funtzioa aski eta sobera betetzen? Ez al da ordua izango inertziaz mantentzen diren hainbat liturgia zalantzan jarri eta birpentsatzeko?