Sindromea

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2018ko mai. 3a, 10:13

Joan den osteguneko manifestazioa, Gasteizen. /Alea

"Une honetara ailegatuta badakigu zilegi dela hedabideak zentsuratzea, bozketa bat borra-kolpez geldiaraztea, txiolariak atxilotzea...".

Gizakiok ditugun gaitasun guztien artean, akaso interesgarriena egoera aldaketetara azkar egokitzea da, onerako eta txarrerako. Adibidez, oporrak amaitzerakoan lanera bueltatu behar garenean jendea oporren osteko sindrome ospetsuaz aritzen da, baina nik behintzat, astelehen gauean jada ez dut gogoratzen nolakoa zen errutinara itzuli aurreko bizitza.

Beste adibide tonto bat, soinean daramazun sakelako telefonoa. Begira ezazu pixka batean. 200 gramotik beherako kutxatxo estu horren barruan daukazu ordenagailu bat, kamera bat, segundo batean planetako edozein tokira mezua bidaltzeko aukera eta mundu zabalean pilatutako informazio guztia kontsultatzeko gaitasuna. Tramankulu izugarria da, orain dela urte gutxi pentsaezina zena. Baina denbora darama gure artean, aurrerapenak pixkanaka egin ziren, eta ia jende guztiak dauka berea. Ez du harridurarik sortzen. Ohitu gara.

Txarrerako ere bada erraz ohitzearen kontua, jakina. Azken urteetako oldar antidemokratikoaren kapitulu guztiak zerrendatzen baditugu, argi ikus dezakegu zein ikaragarria, zein onartezina den guztia. Une honetara ailegatuta badakigu zilegi dela hedabideak zentsuratzea, bozketa bat borra-kolpez geldiaraztea, txiolariak atxilotzea, herritarren ordezkariak kartzelatu eta sakabanatzea, taberna-liskar batean zeudenei terrorismoa egotzi, kartzelatu eta sakabanatzea, unibertsitate publikoan tituluak oparitzea, abeslariak kartzelatzea… koloreak debekatzea ere zilegi da! Joan den astean ikasi genuen emakumeek heriotzaren eta "abusuaren" artean aukeratu behar dutela, bortxaketa kontzeptu etereo bihurtu baita.

Auskalo datorren astean zertara hasiko garen ohitzen, zein izango den hurrengo astakeria, sakelakoarekin batera oharkabean soinean eramango dugun hurrengo zama, harritzeko gaitasuna erabat galdurik, pasibo eta otzan. Ez al dute psikologoek sindrome berri bat izendatu behar gure gaitz honentzat, zer dakit nik, demokraziaren osteko sindromea. Ez al dugu aski izan. Ez al diogu behingoz sendabiderik aurkitu behar. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago