Inoiz ez dut memoria bisual bereziki ona izan, eta ez dut uste hemendik aurrera hobera egingo duenik. Askotan gertatu zait lagun edo senide bat aspaldian gertatutako zerbait kontatzen hastea, eta momentu horretan berreskuratzea buruaren atzealdeko soto batean gordeta neuzkan oroitzapenak. Argazkiek ere funtzio hori bete dezakete niretzat. Baina narratzaile edo argazkirik gabe, nireak egingo luke. Memoria gihar inperfektua da, eta landu ezean atrofiatzen da. Gimnasiarik gabe, memoriaren kutxan gero eta oroitzapen gehiago erortzen dira eta behekoak gero eta beherago geratzen dira, atzemanezinago.
Azken aldian horrekin kezkatzen hasia naiz. Gaztea zarenean ez du gehiegi inporta oroitzapenak ahaztea, etengabe berriak sortzen ari zara eta. Baina zer gertatzen da zeure bizitzan inportantea den jendea desagertzen hasten denean, oroitzapen berriak sortzeari utzi eta sortutakoak zahartzen hasten direnean? Pixkanaka konturatu naiz jada ez dudala zure ahotsa hain ondo gogoratzen, burmuinean iltzatuta neukan ahots hura. Lausoagoa da orain. Uste dut oraindik buruan entzun dezakedala, baina jada ez nago ziur zen bezala entzun ala asmatzen ari naizen. Zure begien kolorea ondo gogoratzeko argazki batera jo behar dut batzuetan. Beldur naiz oraindik bizi zaren leku bakarrean, nire buru akastun honen barruan, tantaz tanta pertsona bat izateari utzi eta ideia soila bilakatuko zaren. Hareak ukabil itxi batetik bezala ihes egiten didazula dirudi, emeki baina atzera bueltarik gabe. Mingarria da, eta errudun sentiarazten nau. Ezin dut ekidin.
Baina begira zer erabaki dudan. Hemendik aurrera argazki gehiago egingo ditut maite ditudan horiekin. Denetariko argazkiak: kameraz, begiz, belarriz, hatzez, arkatzez, bihotzez. Merezi duten uneak hobeto harrapatzen ahaleginduko naiz. Eta zuri dagokizunez? Nik baino memoria hobea dutenek inguratuta bizitzen segitzen saiatuko naiz. Eta zure aurpegia inoiz ideia soila bilakatzen bazait, behintzat badakit munduko ideiarik goxoena izango dela.