Gogoan daukat behin txikitan, gurasoekin kaletik nindoala, amak esan zidala oso guapoa nintzela. Nik jada argi samar neukan ez nuela literalki hartu behar, amaren estimuaren seinaletzat besterik ez, baina badaezpada aitak berehala egin zion arrapostu: "Ez esan haurrari gezurrik gero, ez dio mesederik egingo eta!".
Aita erdi-txantxetan zebilen, baina zalantza daukat batzuetan ez ote diogun amari kasu handiegirik egiten. Ez ote dugun guapoegiak, onegiak garenaren ustea, bizitzako hainbat eremutan inolako mesederik egiten ez digun uste ustela. Honen zantzuak ikusi nituen hurbileko lagun bat armairutik atera zitzaidan lehenengo aldian. "Baina Urlia, nola itxaron duzu hain luze kuadrillari kontatzeko? Lagun hain aurrerakoi eta toleranteak izanda!". Kontua da kide homosexual bat izan arte (kide homosexual bat duzula konturatu arte, esan nahi baita) ez zaizula bururatzen zenbatzea kuadrilla aurrerakoi eta tolerante batek zenbat tontokeri eta txantxa homofobo edo mingarri esan ditzakeen arratsalde bakar batean, ia nahi gabe. Benetan horrelakorik pentsatu gabe.
Ohartu ginen orduan agian ez ginela gure amek uste bezain guapoak. Lagun batek esan zidan beste lagun-talde batzuetan modu askoz desegokiagoan jokatuko zutela. Ez nago ziur kontsolamendu gisa ondo funtzionatzen duen. Funtsean zera da, amak "tira, haurra agian ez da munduko guapoena izango, baina eskolako ume gehienak askoz itsusiagoak dira" esango balu bezala.