Krispetak

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2017ko ira. 27a, 17:49

"Onerako edo txarrerako, asko ikasiko dugu datozen orduetan".

Heldu gara azken-aurreko atarira. Bidaia luzea izan da, gorabeheratsua eta azken aldian zurrunbilotsua. Baina hemen gaude. Igandean zerbait gertatuko da. Zerbait potoloa. Zehazki zer izango den eta anfora hautsiko den edo ez, batek daki. Aktore nagusiak hautetsontziak edo gizon urdinak izango diren ere ez dakigu. Jendea bai, badakigu protagonista izango dela. Hauteslekuetan edo kalean, baina han egongo dira, jende uholdea, kamera guztien aurrean.

Gu bitartean etxean egongo gara ikus-entzule, dakigun katalan apurra ahal bezala baliatzen, ikusminez blai, inbidia eta beldur tantatxo banarekin. Gu, gazteagoak ginenean uste genuenok besteak izango zirela guri begira sofan eseri eta krispetak jango zituztenak, guk hau eta bestea lortu bitartean. Baina ez. Denbora igaro da eta gauza batzuk ez dira askorik aldatu gurean. Forondan, esaterako, hegazkin gutxiago lurreratzen dira, baina betiko motor-saltzaile berberak. Betiko motozikleta zaharrak saltzen, bide batez esanda.

Baina tira, ez dezagun negarrik egin. Behintzat harmailetan eroso gaude, hemendik kanpotik mamboari so, eta onerako edo txarrerako asko ikasiko dugu datozen orduetan. Bizi garen estatuari buruz, demokrazia hitzari buruz, biolentzia eta ez-biolentziari buruz, errepresioaren mugei buruz. Ahal dugun moduan lagun dezagun eta apunteak har ditzagun, hamarkadaren batean azterketara aurkeztuko baldin bagara bederen. Heldu da ordua. Itzali argiak. Atera krispetak. Saioa hastera doa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago