Aitak ez du ulertzen nolatan gustatzen zaidan futbola, eta susmoa daukat ez duela inoiz ulertuko. Ezin diot leporatu: nik neuk ez daukat oso argi. Txikitan interes periferikoa neukan futbolarengan, arras txarra nintzelako baloia oin artean, eta gure etxean ez zegoelako inolako interesik. Beraz, ez daukat askok futbol taldearekin daukaten jaiotzetiko harreman erlijioso hura, transmisio intergenerazionala-edo. Esan nahi baita inork ez didala aitonaren bufanda eskuetan jarri.
Lagunak bere aitaren karneta utzi eta nerabezaroko azken urteetan hasi nintzen Mendizorrotzara joaten, denbora-pasa. Orduan hasi ziren barreak, kantuak, bidaiak eta porrotak. Garaipenen bat ere. Hamar urte daramatzat bazkide gisa, eta oraindik ez dut partida bakar bat ere eserita ikusi, pentsatzen jarrita, ez dakit ezta nire txarteleko eserlekua zein den. Niretzat Alaves lagunarteko barreak dira, txisteak egiteko harmailako abestiei aldatzen dizkiegun letrak, gol batean aldameneko ezezaguna besarkatzea, partida txarrak, mirari txikiak, Sestaora edo Soriara edo Madrilera joateko aitzakia ederra. Futbolaren negozioak eragiten dizkidan kontraesanak lasai asko irensten ditut une txiki guzti horien truke.
Finalaren egunean, San Isidro zubia zalez lepo zegoelarik, estadio zaharra aurrez aurre, atzetik urtarrileko manifestazioen pareko jende andana, pentsatu nuen: "aitak hau ikusiko balu, agian ulertuko luke". Imajinatu nuen aldamenetik bere ahotsa: "seme, zuek burutik jota zaudete, eta kito". Bada, segur aski, aita. Ez dizut ukatuko.