Haurrek ez dakite soziolinguistika zer den, baina asko dakite soziolinguistikaz. Eskolaz kanpoko ingelesa irakasten nabil, eta hizkuntzenganako jarreraz zer edo zer ikasi dut denbora gutxian. Bakanka izango dituzte hitz ederrak euskararentzat auzoko haurrek, eta jakingo balute nola egin didan krak bihotzak I like English but I don’t like Basque entzun dudanetan, barkamena eskatuko lidakete. Baina ez dakite, noski.
Soziolinguistikaz bai, badakite. Har dezagun lagun gasteiztar batek azaldutako adibidea: amarekin polonieraz, aitarekin euskaraz, hiriarekin gaztelaniaz; beraz jaiotzetik hirueledun. Gurasoak elkarrekin erdaraz moldatzen zirela jabetu arte, orduan akabo: hark gurasoekin ere erdaraz. Zertarako hiru kode bakarrarekin nahikoa denean? Haur euskaldunak erraz dira egiten, haur euskaltzaleak nekez. Eta haur gasteiztar askorentzat eskolara mugatutako tresna besterik ez da euskara. Halaxe galdetu zidan iaz ikasle batek: "Zergatik egin duzu euskaraz telefonoz?". Arrotza zitzaion euskara interakzio pribatuentzako erabiltzea. Ez zekien eskolaz kanpo inork euskaraz egiten zuenik.
Latza da haur horiek euskarara biltzea, eta batzuetan bidean ogi-apurtxoak jartzea besterik ez zaigu geratzen. Baina joan den astean Korrikako abestia kantatzen sartu zait klasean ikasle bat baino gehiago, hala moduzko ingelesez are you going to the Korrika? galdezka. Eta nik yes, of course, barrutik pentsatzen bueno, it’s something, bada zerbait.