Apirila zen, apirileko eguerdi lainotsu eta freskoa. Tranbiaren Europa geltokitik hurbil zeunden, tente, paperak eskuan, oinezkooi auskalo zeri buruzko informazioa emateko asmoz. Ondotik pasa nintzenerako bazeneukan beste gazte baten arreta, eta ezezkoa emateaz libratu nintzen. Zuen hartu-emana entzuteaz ez ordea. "Euskaraz dakizu?", zuk. "Pixka bat", zalantzati besteak. Eta zeure arrapostua, segundo erdi igarota: "Bueno, pues te lo digo en castellano, entonces".
Gizona, onartu beharra daukat. Oraindik ez dut pasadizoa gainditu. Buruan bueltaka zaitut. Ez dakit UNICEFentzat diru-laguntza eske zenbiltzan ala aseguruak saltzen. Ez dakit zertarako galdetu zenion, ez bazeneukan euskaraz azaltzeko gogorik. Jada ez diot nire buruari galdetzen zein izan zitekeen erdi-elebidun gixajoaren erantzun onargarria zuretzat. Esaterako: "Bada, euskaltzain urgazlea nauzu, mesedez emaiozu hasiera azalpenari".
Nolanahi ere, niretzat eredu bilakatu zara: inguruko euskaldunei egin nahi ez diedanaren eredu. Azkenaldian zeure aurpegia ikusten dut. Lagun euskaldunekin erdaraz egiten dudanean. Euskaraz saiatu gabe ezezagun bat erdalduntzat jotzen dudanean. Funtzionario bati erdaraz aritzen natzaionean, que acabamos antes. Gaztelaniara hitz baten bila salto egin eta bertan goxo geratzen naizenean elkarrizketa osoan. Bai, guzti horietan zeure aurpegia ikusten dut orain. Eta esaten diot neure buruari: tira, saia zaitez pixka bat gehiago. Agian egunen batean entzungo duzu informatzaile elebidunaren erantzuna, erdeinuz: "Bueno, euskaraz esango dizut orduan".