Ledoren eztandak banakoa ezarri du kanporaketan

Erabiltzailearen aurpegia Oier Bravo 2017ko eka. 2a, 10:12

90-70 irabazi du Baskoniak Valentziaren aurkako final-aurrekoetako bigarren partidan. Ledo 24 punturekin eta Hanga 29ko balorazioarekin izan dira gasteiztarren jokalaririk onenak. Kanporaketak, gutxienez, bi partida gehiago izango ditu Fontetan.

Ezinbesteko garaipena Baskoniak Buesa Arenan lortutakoa. Lehen norgehiagokan Valentzia Basketek kantxa faktorea errekuperatu ostean, hil ala biziko partida zen honakoa. Lehen zatiak aurreko partidaren jarraipena bazirudien arren, bigarrenean Baskoniaren intentsitateak, defentsak eta batez ere erreboteak (44-24 arlo honetan) eragin zuen garaipena etxean geratzea.

Ricky Ledoren (24 puntu) eta Adam Hangaren (18 puntu, 5 errebote eta 5 asistentzia) jarduna ere ezinbestekoa izan zen norgehiagokan. Talde gasteiztarraren hegaleko bi jokalariek aise menderatu zuten jokoa kantxan izan diren bitartean, Larkin eta Laprovittola antolatzaileekin batera. Horren gain, Blazic eta batez ere Ilimane Diopen intentsitateak plus bat eman zien Sito Alonsorenei defentsan.

Partida erritmo biziarekin hasi zen, baina bi taldeen akats askorekin. Horren adibide, bi taldeek lehen bost minutuetan zehar galdutako baloiak: lau Baskoniak eta hiru Valentzia Basketek. Talde gasteiztarrarentzat berri ona Ricky Ledo izan zen; Play Off hauetan zehar laguntzeko etorri den amerikarra izan zen erasoan hobeto egon zen gizona, lehen laurdenean zazpi puntu sartuta. Hala ere, partida honetan lehenengoan izandako kalitatea faltan bota zen. Sito Alonsorenek ez zuten asmatu erasoko errebotean aurre egiten, eta Baskoniak 19 eta Valentziak bederatzi jaurtiketa egin zituen lehen hamar minutuetan, bederatzi errebote gehiago hartuta.

Ilimane klabea izan zen Bojan Dubljievicen gaineko defentsan, eta taronjen artean Satok eta, batez ere, Antoine Diotek hartu zuten taldea partida barruan mantentzeko erantzukizuna. Baskonian Ricky Ledok goiargituta jarraitu zuen erasoan (17 puntu atsedenaldian) eta beste guztiek talde joko on batekin lagundu zioten bitartean Baskonia aurretik mantendu zen markagailuan. Hala ere, aukerak izan zituen arren talde urdin-gorria ezin zen taronjengandik askatu. Atsedenaldira 46-41 ailegatu zen norgehiagoka, astearteko partidaren jarraipena izaten ari zen sentsazioarekin.

Defentsan, gogor eta aurrerantz korrika hasi zen Baskonia atsedenaldiaren ostean. 4 minutu pasatutakoan, 55-46 zen Buesa Arenako markagailuan. Larkin partida menderatzen hasia zen eta gasteiztarrek abantaila handitzen jarraitu zuten, 10 puntutik gorako diferentzia mantendu zuten hurrengo minutuetan zehar. Bitartean, Pedro Martinezenek asko bota zuen faltan Bojan Dubljevic, saskiaren azpian hainbat saskiratze erraz huts egin baitzituen. Pierre Oriolaren saskiratze batek 66-57 ezarri zuen hamar minuturen faltan.

Azken laurdenaren hasieran Baskoniako bi antolatzaileek diferentziak markatu zituzten. Gainera, taldearen defentsak Valentzia 3 minutu baino gehiago mantendu zuen saskiratzerik gabe. Hurrengo minutuetan joera berdina izan zen eta defentsa onak eta Ricky Ledoren eta Hangaren inspirazioak erasoan partida hausten bukatu zuten, hiru minuturen faltan, 20 puntuko diferentzia ezarriz. Azkenean, 90-70 bukatu zen bigarren partida, banakoa ezarriz kanporaketan.

 

90 - Baskonia (21+25+20+24): Larkin (5), Hanga (18), Ledo (24), Shengelia (13), Voigtmann (2) -hasierako bostekoa-, Beaubois (5), Tillie (7), Diop (3), Blazic (3), Laprovittola (10) eta Sedekerskis (-).

70 - Valentzia Basket (16+25+16+13): Diot (16), Rafa Martínez (4), San Emeterio (6), Sikma (-), Kravtsov (2) -hasierako bostekoa-, Dubljevic (6), Vives (1), Sastre (7), Sato (19), Will Thomas (5) eta Oriola (5).

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago