Ihes egin zion Baskoniari Valentziaren aurkako kanporaketaren lehenengo partiduak. Azken jokaldietan, erasoan gasteiztarrek hartutako erabaki txarrek eta aurretik partidua haustu ez izanak kanporaketako lehen garaipena Turia aldera eraman zuten. Partidu osoan zehar aurretik joan eta gero, azken bi minutuetan abantaila galdu eta Valentzia Basket aurretik jarri zenean, gasteiztarrek ezin izan zioten berriro ere markagailuari buelta eman.
Luke Sikmaren kirolez kontrako falta batek lehen abantaila eman zion Baskoniari, eta Valentziak lehenengo puntu horien aurrean erreakzionatu bazuen ere, Tilliren hiruko batek 9-5ekoa ezarri zuen markagailuan. Oso hasiera berdinduan Hangak taldea bizkarrean hartu, eta lehen laurdenean 8 puntu lortuta, Baskonia markagailuan aurretik mantendu zuen lehenengo minutuetan. Hala ere, gasteiztarrek hiruko marratik izan zuten portzentaia bajuari esker markagailuan ez zen alderik zabaldu, eta 22-21 bukatu zen lehen laurdena.
Bigarren laurdenak ildo beretik jarraitu zuen aurrera: Baskoniak gehiegi oinarritu zuen bere jokoa hiruko jaurtiketan. Hala ere, Blazicen sarrerak taldea defentsan indarberritu zuen, eta honek atsedenaldirako 3 minuturen faltan Baskoniak 5 puntuko abantaila hartzea ahalbidetu zuen. Partidua 41-33 joan zen atsedenaldira, Valentzia Basketek bigarren laurden honetan 12 puntu bakarrik sartuta.
Baskoniaren barruko jokoak indarra hartuta hasi zuen hirugarren laurdena, eta abantaila 10 puntutik gora igo bazuten ere, Sito Alonsorenek gerora egindako hainbat akatsek eta Valentziaren asmatzeak berriro ere partidua baloi jabetza batean ezarri zuten 2-11ko partzial batekin. Larkin ondo ari zen erasoan eta horrek abantailari eustea ahalbidetu zion Baskoniari, baina beste aldean San Emeteriok arnasa ematen zien valentziarrei behin eta berriro. Pierre Oriolaren azken segunduko hiruko batekin 64-58 bukatu zen hirugarren laurdena.
Azken laurdena oso bizi hasi zuen Valentziak, baina Baskoniak Toko Shengeliaren eskutik ondo erantzun zuen. Laurdena Baskoniak zazpi bat puntuko abantaila zuela, aurrera zihoan arren, gasteiztarrak ez ziren partida puskatzeko gai, eta partida bukatzeko bi minutura, Valentziak markagailuan aurretik jartzea lortu zuen.
Joko parekatuari erantzun taktikoa eman nahi izan zion Pedro Martinezen taldeak, eta zona defentsa bat ezarrrita Baskoniaren erasoko jokoa trabatzea lortu zuten. Momenturik zailenean Kim Tilliek izkinatik hiruko bat sartu bazuen ere, Fernando San Emeterio, Baskoniako jokalari ohia, partidan sartuta zegoen bete-betean eta bere taldearen erantzukizuna beregain zegoen; 24 puntu eta 7 errebote lortu zituen kantabriarrak partidan.
Sastreren hiruko batek partiduko abantailarik handiena jarri zuen valentziarren alde, eta Baskoniari ezinezko egin zitzaioen egoera horri buelta ematea. Azken segunduetan Ledok saskiratzea lortu eta defentsa ikaragarria egin ondoren, Larkinek azken segunduan egindako saiakeran ez zuen jaurtiketa gauzatu, eta Turia aldera alde egin zuen kanporaketaren lehen garaipenak.
82 - Baskonia (22+19+23+18): Laprovittola (7), Hanga (12), Ledo (10), Tillie (11), Diop (2) -hasierako bostekoa-, Beaubois (5), Voigtmann (6), Blazic (2), Larkin (17), Shengelia (10) y Sedekerskis (-).
83 - Valencia Basket (21+12+25+25): Diot (9), Rafa Martínez (-), San Emeterio (24), Sikma (5), Dubljevic (15) -hasierako bostekoa-, Vives (-), Sastre (14), Sato (4), Will Thomas (3) y Oriola (9).