Entrenatzaileen urrezko domina eskuan, atzera begira egin du Xabier Añuak (Gasteiz, 1935). FC Bartzelona edota Antibeseko entrenatzaile, Saski Baskoniako zuzendaritzako kide eta beste entrenatzaileen maisu ere izan da kirol ibilbide oparoan, baina politika eta zuzenbidean ere egin du bidea. Erretiroa hartuta, Gasteizek dituen "mugak" apurtzen ahalegindu da, bateko eta besteko mobilizazioetan, "gizarte aurrerakoi batean bizi ahal izateko".
Nola hasi zinen saskibaloian jokatzen?
CD Vitorian hasi nintzen futbolean, eta gustatzen zitzaidan, baina amak esan zidan ezin nuela jokatu eta utzi behar izan nuen. Orduan nire eskolan saski bat jarri zuten. Momentu horretan amak ez zuen saskibaloia ezagutzen eta horregatik jokatzen utzi zidan. Heziketa fisikoko klase moduko batzuk zirela iruditzen zitzaion.
1950. urtean oraindik ez zen ezagutzen saskibaloia Gasteizen?
Momentu horretan ezer ere ez. Kuartelean bakarrik jokatzen zuten saskibaloian hasieran; Frente de Juventudesekoek jokatzen zuten, baina beste guztiok ez genuen ezagutzen. Orduan hasi ginen kirol honi buruz ikasten, patioan eta larruzko pilotekin. Gero Gasteizko frontoian jokatzen hasi ginen; frontoiko zelaia oso estua zen, eta jokatu nahi genuen bakoitzean saskiak muntatu eta klarionekin marrak margotu behar genituen. Baina hiriaren erdialdean zegoen, eta mundu guztiak zeukan hurbil.
"KAS taldetik bota nindutenean, tabernari askok erabaki zuten edari horiek saltzeari uztea"
Eta jendea frontoira joaten hasi zen momentu horretan…
Hori da. Eta gainera, urte batzuk geroago, hori ikusita, KAS txirrindularitza taldea gu babestera sartu zen bigarren mailan geundela. Haiek eman ziguten diruarekin amerikar batzuk fitxatu eta 1965ean lehenengo mailara igo ginen. Denboraldi osoan ez genuen partidu bat ere galdu.
Lehen mailan urte batzuk egon eta gero kaleratu zintuzten. Zergatik?
Txirrindularitza taldeko zuzendariak eskua sartu zuen bertan. Bere lagun batek esan zion lagun bat zeukala nik baino hobeto egin zezakeena. Horregatik bota ninduten. Momentu horretan Gasteizen inpaktu handia izan zuen horrek, eta tabernari askok erabaki zuten haien lokaletan ez zela KAS markadun freskagarririk salduko. Horren ostean, taldea Bilbora eraman zuten, ziur aski Bizkaiko aukera komertzialak handiagoak izango zirelako. Hala ere, istorio hori guztiz egia da, baina niri lotsa ematen dit hau kontatzeak.
KAS taldetik joan eta gero non jarraitu zenuen entrenatzen?
Bota nindutenean erabaki behar izan nuen: entrenatzen jarraitu edo abokatu bezala lan egin. Orduan Amerikako Estatu Batuetara joatea erabaki nuen ikasten jarraitzeko. Bidai horren bueltan FC Bartzelonara joan nintzen entrenatzera. Bosturteko batean proiektu bat abian jartzea nahi zuten, eta han egon nintzen lau urtez. Gero Frantziara joan nintzen Antibes entrenatzera, eta han hiru urtez egon nintzen, baina ez zitzaidan hango saskibaloia gustatu eta erabaki nuen Hego Amerikara joatea hilabete batzuk.
Hego Amerikan non egon zinen gusturago?
Dudarik gabe, Txilen. Han gainera saskibaloiaren inguruko pertsonekin egin genuen bazkarietako batean Txileko entrenatzaileen buruzagi batek Allende kamarada ezagutzeko aukera eman zidan. Oso gertukoa izan zen nirekin, eta kafe batera gonbidatu ninduen. Asko hunkitu ninduen hain garrantzitsua zen pertsona baten sinpletasunak. Ez zuen inongo segurtasunik eramaten, eta mundu guztiarekin hitz egiten zuen. Apaltasun lezio bat izan zen niretzat, dudarik gabe. Garai horietako pena bakarra hauxe da: ezagutu nituen entrenatzaileetako batzuk Pinocheten estatu-kolpearen ostean desagertu ziren.
"Uste dut errespetua mantendu behar diozula mundu guztiari, lotsagabeei izan ezik"
Txilen egon ostean, Euskal Herrira bueltatu zinen?
Bai. Txiletik bueltan saskibaloiaren munduan egindako ibilbidea uztea erabaki nuen, nire helburu guztiak beteta zeudelako. Hori dela eta, euskal gizartean integratzeko beharra sentitu nuen. 1975. urtean intentsitate askorekin bizitzen ari zen euskal gatazka, eta hemen egoteko eta behar zen gauzetan laguntzeko beharra sentitu nuen.
Erabaki horretan, beraz, zure kontzientzia politikoak zeresana eduki zuen?
Noski. Ni ezkertiarra eta nazionalista nintzen. Hala ere, bueltan abokatu bezala lan egin nuen, baina asko kostatu zitzaidan lanaren erritmoa hartzea; gutxinaka-gutxinaka lortu nuen.
Saskibaloian entrenatzen jarraitu zenuen?
Urte batez San Viatorreko taldea entrenatu nuen. Gehienak juniorrak ziren, eta jokalari horietatik bost edo sei lehenengo mailan jokatzera ailegatu ziren. Gero bi urtez Baskonian egon nintzen general manager eta entrenatzaile bezala, eta han Asoziazio Kopa irabazi genuen, baina hortik aurrera ez nuen talde gehiagorik entrenatu.
Politikan ere izan zinen garai hartan.
Nik ez nuen karrera politikorik egin nahi, ez momentu horretan eta ez inoiz. Egia da urte horietan hainbat arlotan parte-hartzea tokatu zitzaidala: Altsasuko Mahaiaren fundatzaileetako bat izan nintzen, niretzat ahaztezinak diren lagunekin batera: Telesforo Monzon, Jon Idigoras, Ortzi… Jende berezia zen, eta horiek momentu oso erromantikoak izan ziren niretzat. Hala ere, zuzenbidean gero eta gehiago zentratzen hasi eta arlo politiko hori alde batera uzten joan nintzen era oso natural batean; alde batetik, ideiak eboluzionatzen joaten direlako, eta bestalde, ideia horiek pertsona gazteagoen esku geratu behar zirela pentsatzen nuelako.
"Allende kamarada ezagutzeko parada izan nuen Txilen; apaltasun lezio bat izan zen"
Kontzientzia politikoa mantentzen duzu?
Dudarik gabe. Erretiroa hartu nuenean saiatu nintzen nire bizitza gustatzen zitzaidan lekutik eramaten. Jubilatu eta geroko nire helburuetako bat hirian dauden mugak botatzen saiatzea izan da, gizarte aurrerakoi batean bizi ahal izateko. Azken urteotan Gasteizen egon diren mobilizazio handietan parte hartzea asko gustatu izan zait, eta gai horien inguruan batekin edo bestearekin eztabaidatu behar badut egiten dut. Ziur aski jubilatu ostean ez dituzu gauzak hain sutsuki bizitzen, baina kontsekuente izan behar zara bizitzan zehar izan dituzun ideiekin. Gainera errespetua mantendu behar diozu mundu guztiari, lotsagabeei izan ezik.
Gaur egun Twitterren ere oso aktibo zabiltza beti, baina batez ere saskibaloiari buruz hitz egiten, ezta?
Niretzat sare sozialak inflexio puntu bat izan ziren. Esaten duzuna mundu osora zabaltzen da, eta mundu osoko jendearekin hitz egin dezakezu tresna horiekin. Esate baterako, Errege Kopan Espainiako Entrenatzaileen Batzordeak saria eman zidanean hainbatek testu polit batzuk idatzi zituzten komunikabide ezberdinetan, eta sare sozialei esker mundu guztiak irakurri ahal izan zituen. Hori oso polita da niretzat, eta baita ezagutzen ez dudan jendearekin hitz egiteko aukera izatea ere. Normalean saskibaloiaren inguruan bakarrik hitz egiten dut, beste gauzei buruz hitz egiten dudanean ez baitut erantzunik jasotzen. Adibidez Kataluniaren erabakitze eskubidearen alde egin dudanean, sare sozialetan dauzkadan lagun askok ez dute horren inguruan bere iritzia eman nahi izan. Horregatik normalean saskibaloiaz bakarrik aritzen naiz.