Iritzia

Orain dela bost urte

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Antia 2025ko mar. 22a, 10:00

Argazkia: ALEA

"Gizatasunak eta elkartasunak beti aurkitzen dute zirrikituren bat azaleratzeko"

Asteazken batez, martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi zigun pandemian geundela. Hitz berriak geureganatu behar izan genituen egun batetik bestera: Covid-19a, pandemia, konfinamendua... Hurrengo larunbatean, Estatuko gobernuak alarma egoera ezarri zuen.

Gure ama Gasteizko Santiago ospitalean ingresatu zuten pandemia deklaratu eta bi egunera, eta alarma egoera baino bi egun lehenago. Plaka batek pneumonia zeukala erakutsi zuen; covidaren probak positibo eman eta isolatu egin zuten. Familian batzuk berrogeialdian geunden, beste batzuk sukarrarekin, eta gutako batek bakarrik izan zuen amarekin egoteko aukera, egunean ordubetez. Baina denok ikusteko aukera izan genuen, bideodeien bidez. Gizatasunak beti topatzen du zirrikituren bat azaleratzeko...

Amaren eboluzioak okerrera egin zuen, sedatu zuten eta hurrengo asteko larunbatean hil zen; justu aste honetan, bosgarren urteurrena da. Errautsak Santa Isabel hilerrian utzi genituen egun berean, bere suhia ospitalean sartu zen eta laster intubatu eta sedatu egin zuten, baina azkenean errekuperatu eta bizirik irautea lortu zuen. Hilaren 29an hil zen gure aitaren anaia ere. Uste genuen infernuko ateak irekita zeudela.

Eta hala zirudien… Euskadin, 8.590 pertsona galdu ditugu. Mundu osoan, 2023ra arte, 6,89 milioi pertsona hil dira covidagatik. 687 milioi kutsatu izan ziren pandemian zehar, baina benetako kopurua askoz handiagoa izango da.

2020ko urte hura gure familiarentzat –eta guztientzat, noski– arraro, ulertezin eta beldurgarria izan zen. Handiak izan ziren galerak, larritasuna eta tristura. Egia da ere, gure inguruko jendearen laguntza, estimu eta maitasuna izan genituela beti, baita ezbehar hura gurekin batera bizi izan zuten Osakidetzako langileen aldetik ere. Esaten nuen bezala, gizatasunak eta elkartasunak beti aurkitzen dute nondik azaleratu.

Espero dut zirrikituak irekitzeko gauza izango direla gorroto, gerra, gatazka, ziurgabetasun eta kezkaz beterik ditugun garai hauetan.

 

               Oihartzuna utziko du, bai zure arnas etenak.

               Ezin gara zutaz ahaztu, zutaz oroitzen garenak.

                               Ama, in memoriam

 

Nerea Antia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago