Egungo egoerak botika-industria hizpide izatera eraman du, txertoak ekoizten dituzten enpresa horiek denon ahotan baitaude. Ahaztu gabe Bayer eta bere aspirinak, eta honek Monsantosekin dauzkan hitzarmenak. Mundua bere mende izateko adina diru duten horientzat geure bizitza merkataritza produktu bat besterik ez da. Baina hori, zoritxarrez, badakigu.
Jaki-industriari buruz, berriz, gauza gutxi dakigu. Marka batzuen izena beste batzuen gainetik azaldu ohi da, baina ez dakiguna da, hain zuzen, merkatu osoaren atzetik hamar marka handi besterik ez daudela. Mundu osoan, hamar marka. Hauexek munduko jakien merkatua zuzentzen dute, bere bidean topatzen duten guztia irentsiz: Nestle (Suitza) PepsiCo (AEB), Unilever (AEB), Coca-Cola (AEB), Mars (AEB), Mondellan (AEB), Danone (Frantzia), Associated British Foods (Erresuma Batua), General Mills (AEB) eta Kellogg's (AEB). Eta hauen azpian dauden marka guztiak, noski. Zerrenda luzeegia litzateke hemen banan-banan aipatzeko. Inork interesa balu, merkatuko marka ezagunenen loturak adierazten dituen hainbat zerrenda daude plazaraturik, besteak beste, Oxfam Gobernuz Kanpoko Erakundeak argitaratutako Behind the Brands (Marken atzean) txostena.
Eta baliabide naturalen ustiaketa, lur eremuen lapurreta, tokiko nekazari txikien baztertzea, monolaborantza, kutsadura, animalien habitat naturala suntsitzea, giza eta animalia eskubideen urraketa sistematikoa, eta zenbatezinak diren beste hainbat ondorioren erantzukizun eza. Hau guztia ematen da, eta kapitalismo heteropatriarkatu basatiaren izenean: hemen-ez-da- ezer-gertatzen. Beste ezeren gainetik merkatua da garaile.
Konponbidea ez da erraza, asko dago egiteko, baina guztiok kontsumitzaile bezala badugu zer egin. Badugu bertoko ekoizleei erostea. Badugu bertoko produktuak kontsumitzea. Badugu plastikoz inguraturik dauden produktuak ez kontsumitzea. Badugu kritikoak izatea. Badugu mila aukera honi aurre egiteko. Badugu gure esku dagoen guztia egitea. Zentzuz kontsumitu dezagun, ez gaitezen merkatuaren txotxongilo izan.