Osasuna

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2021ko ots. 20a, 10:00

Arg: Pixabay

"Gure gorputzek libre behar dute. Gure gaixotasuna ez da negozioa".

Duela urte batzuk nire kontsulta propioa sortu nuen, gaur egun, zorionez, existitzen ez dena. Nire ikasketak osasunari bideratu nahi izan nituen, nire nahia ospitale (publiko!) batean lan egitea baitzen. Baina hor jaso nuen nire lehenengo kolpea: nutrizionistok estatuan, Katalunian izan ezik, ez dugu osasun publikoan lan egiterik. Eta haserrea gorputz osotik zeridan.

Hala ere, eta noizbait gauzak aldatuko zirelakoan, autonomo egin eta nire kabuz lanean hasi nintzen. Pribatuan lan egitera beharturik, bertan dagoen zikinkeria guztia ikusi nuen. "Osasuna" negozio bilakatzen den horretan aritu nintzen. Osasun pribatua honetaz baliatzen baita, gure gaixotasunez, dirua sortzeko.

Horregatik, Osasunak publikoa behar du izan, ez dago besterik. Baina, hala ere, jarraitu nuen. Gaur damu naiz, benetan, baina jarraitu nuen. Eta hor jaso nuen nire bigarren kolpea: gure lana, gehiegitan, ez da osasungarria.

Karreran dietoterapia ikasten dugu. Hitz gutxitan, patologia bakoitzak zer dieta terapeutiko mota behar duen ikasten dugu unibertsitatean; zer nutriente behar dituen, eta zer ekidin behar duen gaixotasunak dituen berezitasunak kontuan izanda. Giltzurrun arazoak izaterakoan edo gibelean gaixotasun bat izaterakoan, gorputzaren behar biokimikoak oso bestelakoak izaten dira, eta hor sartzen da gure lana. Ez da jolasa.

Eta zer esan nahi dut gure lana osasungarria ez dela esaterakoan? Bada, hori hain zuzen, gure lanak gaixotasunerako bidea ireki dezakeela. Fitness eta "osasunaren" booma dago. Itxura bilakatzen da zoriontasunaren xede. Itxura dago denaren gainetik, baita osasunaren gainetik ere. Eta honetaz ohartu nintzenean, nire lana arriskutsua izan zitekeela konturatu nintzenean, utzi nuen. Ez nuen fitness-aren inperio horren parte izan nahi, ez nuen itxuraren faxismoaren konplize izan nahi.

Osasunak publikoa izan behar du, denon eskura egon behar du. Eta gure gorputzek libre behar dute. Gure gaixotasuna ez da negozioa. Argal egotea ez da osasunaren seinale. Osasun pribatuak desagertu egin behar du. Zelulitisa izatea ez da gaixotasuna. Osasun publikoaren alde borroka dezagun eta gorputz libreak aldarrikatu ditzagun. Nahikoa dugu, nahikoa!

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago