Aski jakina da dieta eta minbiziaren artean dagoen erlazioa. Baina jakin behar dugu, oro har, minbizia eragiten duten substantziak ez direla jakienak berezkoak, guk eraldatzerakoan sortzen direla baizik. Horien artean akrilamida dugu.
Hainbat ikerketek ondorioztatu dute litekeena dela akrilamidak minbizia sortzea. Horrela dio, behintzat, Osasunaren Munduko Erakundeak.
Baina, zer da, bada, substantzia hau? Akrilamida konposatu organikoa da, amida taldekoa. Amida hau ez da elikagaietan forma naturalean agertzen, jakiak tenperatuta altuetan jartzen ditugunean sortzen dira. Hau da, karbohidratoak 120 gradutan jartzen ditugunean Maillard izeneko erreakzio kimiko bat ematen da, eta erreakzio honen ondorioz aipatutako subtantzia sortzen da.
Ados, baina non topa dezakegu ditxosozko konposatu hau? Bada, hainbeste gustatzen zaizkigun jaki erreetan, txigortuetan edota frijituetan. Hainbeste gustatzen zaigun zapore eta kolore marroixka horren arduraduna, hain zuzen, akrilamida da. Beraz, patata frijituetan, barazki erreetan, gosarian hartzen dugun ogi txigortuan, galletetan edota kafean topa dezakegu amida hau. Erreek daukaten kolore polit hura duten jaki guztietan. Pena handiz errealitate hau plazaratzen dizuet, baina hala da.
Eta zer egin dezaket hau ekiditeko? Bada, zer esatea daukat, idealena da elikagaiak prestatzeko modu hau saihestea, baina hori ez da erreala. Jakin behar duzue ere konposatu honen kantitatea kozinatzeko denborarekin erlazionaturik dagoela. Zenbat eta denbora gutxiago tenperatura altuetan egon, orduan eta kantitate gutxiago. Beraz, ogia txigortzerako momentuan, adibidez, gutxiago txigortu, ez itxaron beltz jarri arte. Eta batez ere, aurrez prestatutako jakiak ekidin. Jakiak modu industrialean prestatzen direnean, denbora luze ematen dute tenperatura altuetan. Etxean prestatzen baditugu, ordea, guk geuk neurtuko dugu tenperatura eta denbora.
Akrilamida existitzeak ez du esan nahi (edo bai, hori norberak erabaki dezala) frijituak, txigortuak edo erreak gure dietatik desagertarazi behar ditugunik. Hori bai, ez daitezela gure egunerokoan ageri hauek. Beste behin ere, esan beharra daukat gehien gustatzen zaidana ez dela osasungarria edota ilegala dela.