Gure klasean, lehenengo kurtsoan behintzat, hogeita hamar pertsona ginen. Horietatik, hogeita zazpi emakumeak* ginen; hiru, berriz, gizonak. Nutrizioan eta dietetikan diharduten pertsonen %80 baino gehiago emakumeak* dira. Orain zuen txanda: Nutrizioan zenbat aditu ezagutzen dituzue? Elikadurari buruzko zenbat liburu ezagutzen dituzue? Eta horietatik, zenbatek daramate emakumeen* sinadura? Eta irratian hitz egiten dutenak? Edota telebistan agertzen direnak? Hitzaldietan? …
Nazkatuta nago. Haserre ere. Historikoki emakumeok* izan bagara elikaduran eta alkimietan jantziak, beste behin ere, gizonezkoek daukate hitza. Are gehiago esango nuke, emakumeei* hitz egiteko deitzen badigute, normalki, estetikari lotutako kontuengatik izaten da. Edo sukaldari txistezale baten ondoan agertzeko. Edo mediku, gizona noski, baten ondoan agertzeko.
Emakumeok* ere zientzialariak gara, ez dugu gainbegiratzerik behar. Eta batzuek ez diegu zuen estereotipo sexistei kasu egin nahi. Ez dugu argal egon nahi, ez, zuek gaixotzen gaituzue. Garena izan nahi dugu, ez beste ezer.
Horregatik, uda dela-eta, ez dut argaltzeko dietei buruz hitz egingo. Ez dut ditxosozko "paleodietari" buruz hitz egin nahi (norbaitek berriz honi buruz galdetzen badit, burua lehertuko zait).
Laktosa eta gluten mordoa jango dut gozatuko ditudan izozkiekin; eta behar bada hauekin gizenduko naiz, baina ez hauek daukaten laktosa eta glutenagatik, ez, kaloria, azukre eta gantzengatik baizik, demontre! Sentitzen dut baina ez, horrelako dietak nahi badituzue sasi-aldizkari sentsazionalistetara jo. Karbohidratorik ez jan eta gaixotu zaitezte. Eror zaitezte berriz ere haien tranpan. Besteok bitartean libre biziko gara.
Eta, azkenik, hurrengo hitzaldi zein elkarrizketetan, elikaduran adituak diren pertsonen ehuneko txiki horretan bilatzea zaila egingo zaizuelakoan, gogoratu ezazue dietista-nutrizionisten %80a baino gehiago emakumeak* direla.