Bota genetika eta ekarri ardoa!

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2019ko mar. 16a, 08:00

"Kulturalki jasotzen dugunak eta heziketan ematen digutenak talka handia izaten dute gure elikadura gustuetan".

Guztiok daukagu gogoan atsegin ez dugun jakiren bat. Normalean zapore mingotsa edo fuerteak dituzten jakiek sortzen digute errefusa, baina zergatik ote?

Ikertzaileek luze eman dute arrazoiak bilatzen; arrazoi sozialekin batera, biologikoei, ebolutiboei eta genetikoei ere erreparatu diete.

Biologikoei dagokienez, pertsonen garapenari so egin behar diogula esan dute. Umeak garenean gure gustuak oraindik garatu gabe daudela, apetatsuagoak eta mizkinagoak garela, eta ondorioz, ez garela edozein jaki jateko prest ageri. Zahartzaroan, berriz, zaporeen pertzepzioa eraldatu egiten zaigula, eta lehen onartzen genituen zaporeak ez onartzera irits gaitezkeela, eta alderantziz.

Genetikoak eta ebolutiboak eskutik datozela ere aipatu dute, bata bestearekin zuzenki erlazionaturik daudelako. Hainbat ikerketen ondorioa da zaporeen pertzepzioak genetikoki emanda etortzen zaizkigula. Betiere genetikarien arabera, hiru motako pertsonak daudela ikusi dute: dastamen-papilak oso garatuak dituztenak, eta ondorioz zaporeei oso sentikorrak direnak; erdibideko sentikortasunak dituztenak; eta dastabotoi ez hain garatuak dituztenak. Oso sentikorrak direnak, oro har, ez dute zapore mingotsa onartzen, eta zailtasun handiagoak izaten dituzte, adibidez, brokolia edo bruselazak bezalako jakiak onartzeko. Besteen kasuan, berriz, sentikortasun txikiagoa dutenez, edozein jaki onartzeko errazago izango dute. 

Baina badakigu genetika eta biologia ez direla dena. "Emanda" etortzen zaigun hori ez duela zertan horrela izan behar, gizakiok genetikak eta biologiak diona baino askoz ere gehiago garelako. Zaporeei dagokionez ere, emanda etorri zaigun hori ez du horrela izan behar. Kulturalki jasotzen dugunak eta heziketan ematen digutenak talka handia izaten dute gure elikadura gustuetan. Esate baterako, brokolia bezalako jaki bat, txikitatik mahai gainean ikusi izan badugu eta ondo prestatua izan bada, sentikortasun horri buelta eman eta zapore horri potentzia osoa ateratzera irits gaitezke.

Jatera behartu gabe, aukera guztiak ematean dago koska. Horren ondorio agerikoa garagardoa edo ardoa ditugu; gogoratzen al duzu lehen aldiz norbaitek frogatzera eman zizunean? Hauek baino mingotsagorik… eta orain, zein gustura edaten ditugun bata bestearen atzetik! Beraz, ez dago aitzakiarik: bota genetika eta ekarri ardoa! 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago