Ume-jolasa

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2017ko abe. 18a, 18:38

Ingurukoek harreman ona badute elikadurarekin, errazagoa izango da umeentzat. / Bizilagunak

"Ez da komeni umeei plater bereziak egitea; babarrunak badaude bazkaltzeko, denek jango dituzte"

Jaio eta berehala izaten dugu elikatzeko bultzada. Izan ere, bularreko umeak esnea hartzerakoan kapazak izango dira edaten ari diren bitartean, edateari utzi gabe, arnasa hartzen jarraitzeko. Zorionez edo, denborarekin ahalmen hori galtzen dugu, hazterakoan eztarriaren forma aldatzen delako, baina elikatzeko bultzadak gurekin jarraituko du.

Umeen elikadurari buruz hitz egiteak luze eman dezakeen arren, aro bakoitzak bere berezitasunak baitauzka, nolabait esaldi bakar batean laburbildu dezakegu: umeak ikusten duena errepikatzen du. Elikadura heziketa osasuntsu batek etorkizuneko gaixotasunak ekidin ditzake, baita elikadurarekin harreman sano bat eraikitzeak ere.

Esan bezala, umeek ikusten dutena ikasten dute. Ez da komeni umeei plater bereziak egitea, bazkaltzeko babarrunak baldin badaude, denek babarrunak jango dituzte. Aldaketa txikiren bat egin daiteke, umeen tolerantzia ezin baita helduenarekin parekatu, baina osagai nagusia denontzat berdina izango da, eta noski, denak mahai berdinaren inguruan eseriko dira.

Zerbait gustuko ez dutenean ez ditugu jatera behartuko. Hasteko, guk bere aurrean jan eta zein gustuko dugun esango diogu. Gainera, jakiak sukaldatzeko moduak elikagaien zaporeak zeharo alda ditzake, baita koloreak ere. Beraz, jakia ezeztatu beharrean umeari era desberdinetan aurkeztuko diogu, eta baztertu duen jaki hori bere aurrean jango dute ingurukoek, jangarria dela ikus dezan.

Elikadurarekin harreman onak eraiki nahi baditugu, ezingo dugu elikagaiak premio edo zigor bezala erabili. Gaizki portatu badira, ez ditugu behartuko gustatzen ez zaien zerbait jatera, eta ez ditugu postre gabe utziko. Eta gauzak ondo egiten dituzten bakoitzean ez da goxoki bat eman behar. Honekin ez dut esan nahi noizbehinka, urtebetetzeak kasu, umeari ezin zaionik gustuko dituen gauzak eman; ekidin behar dugu premio gisa erabiltzea. 

Beste batean gehiago sakonduko dugu umeen elikaduran, baina funtsean haien kuriositateari arreta jartzea izango da onena, eta ingurukoek egiten dutena beraiek errepikatuko dutela kontuan izatea. Ingurukoek harreman ona baldin badaukate elikadurarekin, errazagoa izango da ume horrek etorkizunean harreman ona izatea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago