Aski jakina da ariketa fisikoak gure gorputzaren osasunean dauzkan onurak, baina batzuetan ahaztu egiten zaigu kirolerako ere mugak egon daitezkeela.
Gehigarriak egoera ezohiko batean erabili beharrekoak dira, gabezi bat sortzen denean. Nutrizioan eta dietetikan behar berezi horiek saihestea da helburu, eta beste aukerarik ez balego, normalean gaixotasun baten ondorioz izaten diren gabezi horiek tratatzeko soilik erabiliko ditugu gehigarriak.
Ariketa fisikoa gauza oso on bat izan daiteke, bai gorputzarentzat, bai buruarentzat, baina obsesio bat ere bilakatu daiteke. Gorputza landu dezakegu, eta polita izan daiteke zer nolako gauzak egiteko kapazak garen ikustea, baina onartu beharreko zerbait da gure gorputzak limite batzuk dituela. Batzuentzat muga horiek zeintzuk diren onartzea zaila da, hauek gainditu eta harago joateko erabakia hartzen dute. Mugak gainditzeak gabezia dakar, ezohiko esfortzu batek ezohiko beharra dakar, egoera artifiziala ondorio artifizialekin: gehigarriak. Eta hara hor non batzuek poltsikoak indartzen dituzten besteen gabeziekin.
Kirola ona bada zertarako gorputza zigortu. Esfortzua egingo badugu energia eta nutriente gehiago beharko ditugu, noski, baina era naturalean lortu ditzakegu: elikagaietatik, alegia. Karbohidratoak gehiago kontsumitu beharko ditugu, giharren erregai printzipala direlako, eta ez proteinak pentsatu ohi den bezala. Bitamina eta mineral gehiago ere beharko ditugu, barazkietatik eta fruituetatik har ditzakegunak. Behar dugun guztia naturak ematen digu, eta gorputzak zerbait gehiago eskatzen badigu, zerbait oker egiten ari garenaren edo gaixorik gaudenaren seinale.
Gorputza astintzen badugu disfrutatzeko izan dadila, ez sufritzeko, horretarako baitaukagu gorputza, gozatzeko. Eta ariketa fisikoa ona bada, are hobea da honen ondoren tripa ondo betetzea elikagai goxoekin, zertarako pilulak!