Udan, beroa dela eta, hidratazioari enfasi handiagoa ematen zaio, baina urte osoan zehar kontuan izan beharreko gauza da. Urak berez elikatzen ez bagaitu ere, ezinbestekoa da liseriketa prozesuan eta erreakzio metabolikoak zuzenki burutzeko.
Egunean bi litro inguru hartu beharko genituzkeela esan ohi da, baina kontuan hartu behar da egiten den ariketa fisikoa, beroa, adina, gorputzaren tamaina … Datu orokorra da beraz, eta ez da soilik ur likidoa kontuan hartu behar, elikagaietan beraietan baitago ur kantitate dezente. Gure gorputzaren beharra ezagutzea izaten da garrantzitsuena, berak esango baitigu noiz behar duen hidratazioa, baina ez itxaron egarri izan arte!
Deshidratazioak fase asko ditu, eta horretara ez iristea da helburua. Horretarako konstanteki edan beharko genuke, ez kantitate handiak baina bai sarritan. Lehenengo fase honetan nekea nabari da, buruak ere ez du behar bezalako kontzentrazioa lortzen. Hau ohiko izaten da lan ordu luzeegietan, edota bidai luzeetan, beraz beti likidoren bat eskura izatea komeni da. Baina ez edozein likido.
Tentagarria bada ere, eta bai, bada, bero handiko arratsalde hauetan garagardo fresko batek ez gaitu hidratatuko. Alkohola deshidratantea da, beraz egarri handia badaukagu eta edari alkoholikoa hartuko badugu gure gorputzari ur gehiago lapurtzen egongo gara. Berdina freskagarri azukredunekin, glukosa, alkohola bezala deshidratantea da. Beraz, egarri bazara, ura edan, eta gero, norberak erabaki dezala.
Deshidranteak dauden bezala, badaude hidratatzen laguntzen gaituztenak, batez ere kirolari edo bero handiarekin lan egiten dutenen kasuan kontua izan beharrekoa. Urarekin batera gatz apur bat daukan zerbait hartzen badugu, likidoa hobeto bereganatzen lagunduko digu. Esaterako, entrenamendu gogor baten ostean gorputza hobeto hidratatuko gaituena ura eta fruitu lehorrak konbinatzea izango da. Hori bai, kontuz kantitatearekin. Gatz gehiegi hartzen bada kontrako efektua lortuko baitugu.