Mila aldiz errepikatzen den gezurra egi bilakatzen omen da. Elikagaien arloan ere berdina gertatzen da, eta are gehiago merkatu oldarkor bat tartean badago. Osasuna produktu bilakatu den honetan, guretzat "hobeak" omen diren jakiak ditugu merkatuan, baina benetan osasuntsuagoak al dira? Haietako batzuk aztertu ditzagun.
Jogurt gaingabetuak. Egia da esneki osoak gantz ase gehiegi dituztela, eta egia da ere gaingabetuak hartzea komeni dela, baina egi biribila bilatzen badugu zenbat azukre kantitate jartzen dioten begiratzea komeni zaigu, izugarria. Aukeran: jogurt naturala, eta norberak erabaki dezala zenbat eta nola gozatu nahi duen bere jogurta.
Zakoteak. Zakoteak edo fianbreak haragian jatorria duten jakiak dira. Azken boladan gantz gutxiago duten aukerak biderkatu egin dira, eta gantz gutxi badute ere, jakin beharra dago produktu hauen %70a baino gutxiago izaten dela haragia, beste guztia almidoia, azukreak, aditiboak, ura… izaten direla. Aukeran: itxura uniformea EZ duten zakoteak.
Molde formako ogi integrala. Sandwichak egiteko erabiltzen dugun ogiak gantz asko izan ohi du, gantz asetuak gainera. Batzuetan integrala hartzen dugu osasuntsuagoa izango denaren ideiarekin, baina hauek zuria baino gantz kopuru handiagoa izaten dute. Aukeran: betiko ogi normala.
"Azukre gabe"-koak. Milaka dira "azukre gabe" bezala saltzen dizkiguten marmelada, gailetak, opilak…, eta bai, gehienetan ez dute sakarosarik (azukre arrunta) erabiltzen hauen ekoizpenean. Horren ordez fruktosa edo bestelako sakaridoak erabiltzen dituzte, funtsean glukosa bilakatuko direnak digeritze prozesuan eta gure gorputzean eragin berdina izango dutenak. Gainera, fruktosak askotan digestio astunagoak eragiten ditu, tripako minak sortuz. Aukeran: betiko mermelada, galletak… eta etxekoak balira, zer esanik ez.
Nire aholkua? Merkatuan begiak zorroztu eta sukaldean eskuak zikindu!